Erakundeek abiatutako diru laguntzen gaineko zalantzak argituko dizkiete ostalariei
Oarsoaldea Garapen Agentziak erakunde ezberdinek COVID-19aren ondorioei aurre egiteko abiatutako diru laguntzen gaineko «informazio, aholkularitza eta laguntza zerbitzua» emango du.
COVID-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko erakunde ezberdinek diru laguntza ugari aktibatu dituzte azkenaldian. Bereziki ostalaritzarentzat zaila bezain gogorra den egoera honetan zerbitzu berri bat eskaini nahi die ostalariei Oarsoaldea Garapen Agentziak. Erakundeek martxan jarritako laguntzen gaineko doako zerbitzua eskainiko diete eskualdeko ostalariei, «informazioa, aholkularitza eta laguntza» zerbitzua eskainiko du, «gure eskualdeko enpresa guztiei dauden laguntzak izapidetzeko».
Hala, ostalaritza sektoreak zuzenean ezagutu ahal izango ditu azken diru laguntzak, establezimendu bakoitzaren egoeraren arabera. Informazio horrez gain, enpresa guztiei eskakizunetan, dokumentazioan eta izapidetzean ere laguntza eskainiko die garapen agentziak.
Informazio guzti hori eskuratzeko esteka honetara jo beharko da, edo bestela, 943 494 129 telefono zenbakira deitu.
