Pasaiako Udalaren 2021eko aurrekontua %3,29 jaitsiko da
Udal gobernuaren aurrekontu proposamenak alderdi soziala gailendu nahi izan du datorren urteko inbertsioetan. Asteazkenean oposizioko alderdiek zuzenkizunak aurkeztu ahal izango dituzte.
Izaskun Gomez alkate sozialistak eman dio hasiera gaur goizean Arizabalo Jauregian izandako bilkurari, non Pasaiako gobernu taldeak datorren urterako aurrekontuak aurkeztu dituen. 2021ko zifra %3,29 baxuagoa izango da (20.160.000) aurreko urtekoarekin (20.846.000) alderatuz, COVID-19ak eragindako behar berriengatik, gehienbat.
PSE-EE eta EAJk aurkeztutako aurrekontu planak alderdi soziala gailendu du: “Errekurtsoen %60a gizarte laguntzetara bideratuko da, egoera zaurgarrienean dauden horiek ardatz izanik”, nabarmendu du Gomezek. Bestetik, zerbitzu publikoak finantzatzeko esfortzu berezia egingo du Pasaiako Udalak datorren urtean.
Konkretuki, 12 milioi euro baino gehiago erabiliko dira aipatutako behar horietarako; inbertsioaren 3 eurotatik 2 erabiliko ditu, beraz, udalak, hala nola, honako zerbitzuei erantzuteko: emergentzia sozialeko laguntzak, etxez etxeko arreta, berdintasuna, hirigintza, argiteria, hondakinen bilketa, ura, saneamendua…
Alkateak argi utzi du Pasaiako Udalak dituen baliabideak urriak direla, eta zifrek gobernuaren lana mugatzen dutela, nahi luketen bezain beste ezingo baitute inbertitu Pasaiak dituen beharrei erantzuteko “talde honentzat ideal liratekeen baldintzekin”, tamaldu da alkatea.
Lehentasuna herritarretan jarri da, oinarrizko gizarte ekintzei lotutako jardueren inbertsioen zenbatekoa mantenduz, haur eta nerabeenak (udalekuak edo gaztelekuak, adibidez) nahiz adinekoekin ariketak.
Hirigintza arlotik udal gobernuak nahi baino gehiago murriztu behar izan ditu planak, aurreikusi baino obra gutxiago egin ahal izango dira, hortaz, 2021ean. Kopuru horretan, beharrezkoen bezala hautatu direnak lehenetsiko dira.
Honakoak dira udal gobernuaren 2021eko aurrekontuen proposamenak barne hartu dituen arlo nagusienetako batzuk:
- Herritarren zerbitzurako gastuak: 16 milioi eurotik gora.
- Inbertsioak: 622 mila euro. Aipamen berezia egin zaio Donibaneko saneamenduari. Haur parkeak, Trintxerpeko futbol zelaian hobekuntzak, herritarrentzako espazioen birgaitzea, San Pedroko frontoiaren atzealdea estaltzea…
- Pertsonal gastuak: 9.732.000 euro.
- Kapital transferentziak eta diru laguntzak: 2.675.000 euro.
- Gizarte zerbitzuak: 4 milioi euro baino gehiago.
- Jarduera fisikoa eta kirola: 335.144 euro. Kirol instalazioen kudeaketa eta mantenua (gehienbat Trintxerpeko eta Donibaneko kirolguneei dagokiena), Don Bosco eta Andonaegi zelaien mantenua, kirol elkarteetzako diru laguntzak…
- Kultura: 1.085.000 euro.
Pasaiako udalaren finantzaketaren %40a zerga eta tasek osatzen dute; aurtengo ezohiko egoerari aurre egiteko, udal gobernuak erabaki zuen kopuru horiek izoztea, pasaitarren egoera ekonomikoa samurtze aldera.
Alkateak bere interbentzioari amaiera eman dio elkarlana eskatuz oposizioko kideei, udalerriko helburu gehienekin bat egiten dutela uste baitu: “Pasaitarren interesa dago jokoan, eta espero dut oposizioak gobernu honekin partekatzea ezohiko egoera honetan akordioak lortzeko nahia. Litekeena da uste duguna baino gauza gehiago izatea komunean”.
2020ko aurrekontuak onartzeko Ahal Dugu-Podemos taldearen babesa izan zuten PSE-EE eta EAJ gobernuko alderdiek, alkateak uste du EH Bilduren sostengua lortzeko astebete falta izan zitzaiela aurreko urtean: “Espero dut aurtengo honetan akordio batera helduko garela.”
Aldeen adostasuna lortzeko asteazkenean egingo dute bilkura, eta orduan aurkeztu ahal izango dituzte udalbatzako beste alderdiek euren zuzenkizun edo proposamenak aipatutako puntuen gainean. Aurreikusi dute abendu erdialdean plenoan aurkeztu ahal izango dela behin betiko aurrekontuen proposamena, bertan onetsi dadin.