Etxeko hondakin arriskutsuentzako bilketa guneak ezarri dituzte
Puntu bakoitzean bi edukiontzi egongo dira, led eta kontsumo baxuko lanpara mota ezberdinak birziklatzeko. Hiru bilketa gune ezarri dira Pasaian.
Udal euskaltegiaren sarreran ezarritako bilketa gunea. Etxeko hondakin arriskutsuen kudeaketa errazteko hainbat bilketa gune ezarri dira Pasaian: Antxoko HAZ bulegoan, Donibaneko kirolgunearen sarreran eta Trintxerpeko euskaltegiaren atondoan. Horietako bakoitzak bi edukiontzi izango ditu, led eta kontsumo baxuko lanpara mota ezberdinak zokoratzeko.
Hondakin arriskutsuen kudeaketa egokiak horien birziklatzea ahalbidetzen du, biltzeko eta bereizteko lanak errazten baititu. Gainera, bestelako edukiontzietan ez da hondakin mota hori botatzen. Pasaiako alkate Izaskun Gomezek honakoa adierazi du: “Pasaitarren laguntzarekin gaikako bilketan aurrera egitea da biderik eraginkorrena, birziklapenaren emaitzak hobetzeko”.
Gune horietan honako hauek jasoko dira, ondoren birziklatzeko: kontsumo txikiko bonbillak, LED argiztapeneko elementuak, eta LED hodiak. Material horiek gaika biltzearekin, birziklatzea errazteaz gain, barruan dauzkaten substantzia kutsatzaileen tratamendu segurua bermatzen da.
Bi edukiontzi mota
- Edukiontzi laranja. Kontsumo txikiko bonbilletarako eta LED bonbilletarako.
- Edukiontzi berdea. Fluoreszenteetarako eta LED hodietarako.
