Bi indarrezko lapurreta eta ebasketa batengatik hiru inputatu
Bi gizon inputatu dituzte San Pedroko kotxe batean indarrez lapurtzeagatik, eta emakume bat Trintxerpeko establezimendu batean ostu izanagatik.
Pasaiako Udaltzaingoak bi gizon inputatu ditu San Pedroko kotxe baten kristala hautsi eta barruko hainbat ondasun lapurtu izanagatik, eta emakume bat Trintxerpeko establezimendu batean ostu ondoren.
Pasaiako Udaltzaingoak eta Errenteriako Ertzain etxeak zaintza bereziko dispositibo bat antolatua zuten Pasaiako eremu zehatz batean, azken hilabetean emandako lapurreten igoeragatik. Pasa den astelehenean (hilak 16) bi gizonezko geldiarazi zituzten, etxeratze agindua ez betetzeaz gain, zalantzazko jatorriko hainbat ondasun zeramatelako gainean. Azken horiek konfiskatu egin zizkieten.
Ordu batzuk geroago poliziak baieztatu ahal izan zuen aipatutako gauzak Pasaiako Esnabide kalean aparkatuta zegoen ibilgailu baten barrutik lapurtuak izan zirela. Kotxearen barruan sartzeko kristala apurtu zuten. Aipatutakoagatik, horien kontra eta ikerketa bat zabaldu da antzeko ekintzatan inplikatuta egon daitezkeelakoan.
Horrez gain, joan den astearte goizean (hilak 17) bi ebasketa inputatu zitzaizkion emakumezko bati, Trintxerpeko establezimendu batean sartu ondoren, dirudienez, kutxatik hainbat diru ostu zuenean.
Agenteak establezimenduko arduradunek abisua jaso ondoren hauteman zuten emakumezko bat, bere deskribapenarekin bat zetorrena, eta aurrekari polizial ugari dituena. Hura arakatu ondoren diru kopuru bat, loteriako dezimo bat eta artaziak atzeman zitzaizkion arropan ezkutatuta.
Zabaldutako ikerketari esker, egin berri zuen ebasketaz gain, lortu ahal izan zuten emakumezkoa Pasaiako ikastetxe batean egindako beste ebasketa batekin lotzea.