Bizirik dago Atlantikaldia
Atlantikaldiaren aurtengo edizioa ez dela amaitu, bizirik jarraitzen duela kultur aniztasunerako bidea urratzen nabarmendu dute antolatzaileek.
Berezia, berrasmatuta, hidrogelez betea eta maskara soinean heldu da aurten Atlantikaldia; baina ez du hutsik egin. Irailaren azken asteburuan musika jaialdi eta kultur topaketaren barruko kontzertuak egin zituzten. Ia bi hilabete geroago, horien gaineko balorazioa egin dute gaur egin duten agerraldiarekin, baina batez ere, Atlantikaldiaren aurtengo edizioa ez dela amaitu, bizirik jarraitzen duela kultur aniztasunerako bidea urratzen nabarmendu dute.
Ion Collar Kultura zinegotziak, Iker Tolosa Atlantikaldia jaialdiko zuzendariak, Samira Goddi Komunitate, bizikidetza eta lankidetza teknikariak, eta Ana Sandino, Guardabarranco elkarteko kideak hartu dute parte agerraldian.
Aurten egindako ibilbidea ez du erreza izan Atlantikaldiak, ziurgabetasunak baldintzatu duela jaialdia bai barrura zein kanpora begira esan du Collarrek, “hala ere orain arte utzitakoarekin pozik gaude, zailtasunak zailtasun, egoera bakoitzeko irizpideetara moldatu gara eta jaialdiak aurrera egin du”. COVID-19ak sortutako pandemiak, jaialdia birsortzera eraman zuela antolakuntza nabarmendu du Kultura zinegotziak, “soilik agertoki nagusian programatu ohi diren kontzertuak burutu zitezkeen iraileko baldintzak kontuan hartuta”.
Kontzertuetarako sarrera, gonbidapen bidez kudeatu zituzten, osasun neurriak bermatu eta aforoa kontrolatzeko. Pozik azaldu da Collar, gonbidapen guztiak jaialdia hasi aurretik banatu baitzituzten: “Herritar zein bisitariak pozik ikusi ditugu, emandako erantzuna apartekoa izan da”. Aurtengo eskaintza, urterokoaren bidetik, gorena, “horrek jaialdiaren oinarriak sendotzeko balio du”.
Eragileen proposamenak, elikagaia jaialdiarentzat
Parte hartu duten artisten emanaldiak bikainak izan dira; bikaintasun hori berea du Atantikaliak; badu halere, beste ezaugarri bat, berezia egiten duena, eta herriko eragileen ekarpena da, haien proposamenez elikatzen den programa, “kultur artekotasuna eta sormena ardatz osatzen den ekitaldi eta jarduera sorta”. Hala nabarmendu du Tolosak, eta berehala erantsi du, eragileen lana “oso garrantzitsua” dela beraientzat, “eurak dira, besteak beste, Atlantikaldiari Kultur Topagune izaera ematen diotena”.
Ezberdina, baina aurtengo Atlantikaldi berezian ere presente egongo dira eragileak, eta iraileko asteburuan egin ezin izan zituzten hainbat jarduera datozen hilabeteetan egiteko lanean ari dela antolakuntza azaldu du Tolosak.
Hilabete honetan bertan, Joxe Mari Iparragirre ardatz duen ikuskizuna ondu dute Udal Txistulari Taldeak eta Iñigo legorburuk elkarlanean, Iparragirre jaio zela 200 urte beteko direnean. Hilaren 27an, larunbatarekin izango da hori, 19:00etan Niessen Kulturgunean.
2021eko udaberri aldera helduko da hurrengo proposamena: Oiartzun Ibaian bisita gidatuak. Hibaika arraun elkarteak ibaietan nabigatzeko erabiltzen den ala ontziaren bidez izango dira bisita horiek, eta arraunean ikasteko aukera eskainiko diete parte hartzaileei herriaren historia ezagutzen duten bitartean. Konexio zeltarra da beste eskaintzetako bat, data zehazteko badago ere, Errenteria Musikal eta Galiziako musikari eta dantzari eskola baten arteko truke proiektuaren bidez, tailer pedagogikoak antolatuko dituzte. Helburua, sorkuntza prozesu eta egonaldi baten bidez 2021eko Atlantikaldian aurkeztuko den ikuskizun bat burutzea da.
Datorren urteko udaberrian egingo dute ere Muralak auzoaren ispilu ekintza. Gaztaño auzoan izango da eta bertako bizilagunekin eta aurtengo Atlantikaldiaren kartela egin duten Juan Angel Perotxena eta Studio Josefa artistekin abtera muralismoaren bidez kolektiboarekin lotutako gaiak landuko dituzte; emaitza, mural batean azalduko dute.
Dantzak ere izango du tartea. Dantzaguneak Atlantikaldiarekin elkarlanean deialdia egin zuen jaialdiaren programazioan dantza ikuskizun bat txertatzeko. Ertza Dantza Konpainiaren O tempo diz! hautatu zuten. Proiektua Mozanbikeko dantza talde batekin garatuko dute, Mozanbiken bertan eta Errenterian egingo diren bi egonaldietan, pandemiak eragindako mugikortasun murrizketak amaitzean. Sorkuntza, 2021eko Atlantikaldian estreinatuko da.
Erraldoien kalejira ere egingo dute Errenteriako ikastetxeekin 2019an hasitako lan prozesuari amaiera emateko. Ikastetxean erraldoaiak eraikitzeko tailer baten aitzakian etorkizuneko Errenteria irudikatu nahi zuten. 2021eko Atlantikaldian izango da hura ikusteko aukera.
Kultur aniztasunerako leihoa
Atlantikaldia musika jaialdia eta kultur topagunea da, eta azken horren barruan, aniztasunaren ispilu. Kultur aniztasuna oinarri duten jarduerak ez dira faltako Goddik nabarmendu duenez. Sukaldaritza fusio tailerra antolatu dute abenduaren 12an, 10:00etatik 13:00etara Basque Culinary Centerren. Bertan, Sukaldian jardueran irakasle izan diren jatorri ezberdinetako herritarrek lehen eskutik izango dute sukaldaritzan dauden tendentziak eta egiteko modu berriak ezagutzeko aukera. Zortzi parte hartzaile izango ditu jarduera horrek.
Bigarrena, Sukaldian Errezeta liburua da. Sukaldian ekimenean parte hartu duten jatorri ezberdinetako hainbat errezeta jaso ditu antolakuntza taldeak. Liburu digital formatuan bildu dituzte errezetak, hamabi guztira, Maroko, Peru, Mexiko, Nikaragua, Nigeria, Ijito herria, Venezuela, Galizia, Pakistan, Armenia, Ukrania edota Nepaleko errezetak gertutik ezagutzeko aukera izango da.
Iaz Sukaldian iniziatiban parte hartu zuen Guardabarranco elkarteko kidea den Ana Sandino. Jatorriz Nikaraguakoa da. Nikaraguako bigoron errezeta prestatu zuen berak, eta esperientzia polita izan zela nabarmendu du, “bertakoei beste herrietako gastronomia, kultura, ohiturak erakusteko balio du topaketa, aberasteko, harremanak sortzeko, eta oso aberasgarria da”.
Itsas elkarrizketak, bideoan
Artisten arteko elkarrizketak, bakarrak diren ikuskizun eta esperientzia musikalak eskaintzea ere badu bere nortasunaren parte garrantzitsua Atlantikaldiak. “Musika hizkuntz komun duten jatorri ezberdinetako artisten arteko elkarrizketak” bildu dituzte antolatzaileek bideoen bidez, zuzeneko emanaldien irudiak tartekatuz.
Atlantikaldia beraz, gelditzeko etorri da, 2021eko Musika Jaialdi eta Kultur Topagunea heldu arte ekintzak eskaintzen jarraituko du aurtengo jaialdiak, egoera berezia izanik ere, kulturari arnasa emateko berrasmatzen, Collarrek esan duen moduan: “Kultura segurua da; oinarrizko ondarea”.