Gizon bat atxilotu dute indarkeria erabilita lapurreta egiteagatik
Segurtasun sailak emandako informazioaren arabera, susmagarriak, ustez, emakume bat lurrera bota zuen Fernandez de Landa plazan, eta ondoren, buruan golpe bat eman eta erdi zorabiatuta utzi zuen. Une horretan poltsa lapurtu eta ihes egin zuen.
Indarra erabilita lapurreta egitea leporatuta 18 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo gauean Ertzaintzak. Segurtasun sailak emandako informazioaren arabera, susmagarriak, ustez, emakume bat lurrera bota zuen Fernandez de Landa plazan, eta ondoren, buruan golpe bat eman eta erdi zorabiatuta utzi zuen. Une horretan poltsa lapurtu eta ihes egin zuen. Hamaikak laurden gutxi aldera izan zen gertakaria. Bizilagun batek Ertzaintzari deitu eta jakinarazi zion emakume bat lurrean etzanda zegoela edukiontzi batzuen ondoan, Fernandez Landa plazan. Gizon batek jo zuela, eta eraso ostean, Biteri kalera ihes egin zuela kontatu zuen lekukoak, eta gizonaren deskribapena ere eman zien.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hainbat patruila bertaratu zirenerako emakumea artatzen ari ziren eta Ertzaintzaren patruilak erasotzailearen bila hasi ziren inguruan. Ustezko erasotzailea laster aurkitu zutela azaldu du Segurtasun Sailak Santa Klara kaleko atari batean sartzen. Seigarren pisura igo zen, eta handik aldameneko eraikineko teilatura igotzen den teilape batera pasa zela azaldu dute, bertan ezkutatzeko asmoz.
Teilatuetatik haren atzetik joatea arriskutsua izan zitekeela eta, suhiltzaileak deitu zituzten susmagarria arriskurik gabe jaitsi ahal izateko eskailera baten bidez. Gizona teilatutik jaitsi eta leku seguru batera iritsi zirenean identifikatu eta indarkeria erabilita lapurreta egitea leporatuta atxilotu egin zuten.