Huntzako Josune Arakistain, Lezon eta Pasaian kuxkuxero
Musikaria Lezoko gazteekin egongo da bihar, 19:00etatik aurrera Gezala Auditoriumean. Pasaiako saioa hilaren 27an egingo dute.
Kuxkuxeroak egitasmoren barruko bi saio antolatu ditu Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak. Horietako protagonista Huntza taldeko abeslari Josune Arakistain izango da. Hilaren 20an (bihar) Lezon izango da Arakistain (19:00etan Gezala Auditoriumean). Hilaren 27an Pasaiara joango da abeslaria.
Kuxkuxeroak egitasmoaren xedea da Oarsoaldeko gazteek eurentzat eredu izan daitezkeen pertsona ezagunekin (kirolariak, musikariak, aktoreak…) egotea, solasaldiak antolatuz, naturaltasunez euskaraz aritzeko. Pertsona horiekiko hizkuntzaren erreferentzia euskara izanik, gazteen artean euskararen erabilera indartu nahi da.
Saioetan gazteek aldez aurretik bidalitako galderak irakurtzen dira, gonbidatuak erantzun ditzan. Unean-uneko solasaldiak ere sortzen dira. Ondoren, gonbidatuak gazteekin batera jardueraren bat egiten du.
Biharko Gezalako saioak edukiera mugatua du, osasun segurtasun neurriengatik. Egitasmoak bera ere baldintzatuta egiten ari dira aurten.