Ostalariei diru laguntzak emango dizkiete udalak eta Eusko Jaurlaritzak
Udalak informazio bulego bana zabalduko du Antxon eta Trintxerpen, laguntzen eskaera errazteko. Establezimendu bakoitzak gehienez 4.000 euro jasoko ditu.
Pasaiako Udalak, Oarsoaldearekin lankidetzan, hurrengo astean bi bulego zabalduko ditu, ostalariei laguntzak eskatzeko izapideekin laguntzeko eta prozesuak azkartzeko.
Bulego berriak Trintxerpeko Alkateordetzan eta Pasai Antxoko Azokan egongo dira; lokalak hilaren 23tik aurrera egongo dira zabalik, 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.
Halaber, hitzordua eskatu edo zalantzak argi daitezke honako esteka honetan eta baita 943 49 41 29 telefono zenbakira deituz.
Betekizunak
Laguntzak eskuratu ahal izango dituzte langile autonomoek, besteren konturako langileek, ondasun erkidegoek, eta 50 langiletik beherako enpresek.
- Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute egoitza.
- Jardueraren etenaldia amaitu ondorengo lau hilabeteetan, gutxienez, beren jarduerarekin jarraitzeko konpromisoa hartuko dute.
- Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da: azaroaren 19tik abenduaren 10era.
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak
Guztira, 30.540.000 euro erabiliko dira urriaren 20an alarma egoera ezarri aurretik abian ziren taberna, jatetxe eta kafetegiei laguntzak emateko. Establezimendu bakoitzeko 3.000 edo 4.000 euro arteko diru laguntzak emango dituzte, langile-kopuruaren baitan.
- 1-3 pertsona bitarteko establezimenduei: 3.000 euro.
- 4-10 pertsona bitarteko establezimenduei: 3.500 euro.
- 10-50 pertsona bitarteko establezimenduei: 4.000 euro.
Udal laguntzak
Eusko Jaurlaritzak onartutako laguntzez gain, udalak eledunen batzordean laguntza programa bat onartu du Pasaiako ostalarientzat: inbertsioak egiteko laguntzak, laguntza zuzenak eta hobariak; beren jarduerak etetearen ondorioz izango dituzten galerak arintzeko. Eusko Jaurlaritzak onartutakoekin bateragarriak izango dira.