300.000 euroko diru laguntzak ostalaritza ito ez dadin
Ostalarientzako laguntza zuzen horiek, ostalariekin beraiekin batera landu dituztela azaldu du Aizpea Otaegi alkateak.
Dirulaguntza zuzenak emango dizkie ostalariei udalak. Talka eta Suspertze planaren barruko neurrietako bat da hori, 300.000 euro bideratuko ditu udalak laguntza horiek estaltzeko diru zorrora, eta ostalariek 2.050 euro arte jaso ahalko dituzte.
Astelehenetik aurrera eskatzeko aukera dago.
Ostalarientzako laguntza zuzen horiek, ostalariekin beraiekin batera landu dituztela azaldu du Aizpea Otaegi alkateak, neurriaren xehetasunak emateko gaur egin duen agerraldian. Ostari elkarteko kide diren Itsaso Garaiar eta Fernan Cuellar, eta Eneko del Amo zinegotziarekin batera aritu da azalpenak ematen Otaegi. Laguntzak, 1.500 eta 2.050 euro arteko laguntza zuzenak izango direla esan du alkateak, “1.500 ostalari guztientzako, eta 2050 euro arteko kopuru hori alokairuak eta kredituak ordaintzen laguntzeko izango da”.
Udalak emango duen laguntza, zein Eusko Jaurlaritzak emango duena eskatzeko bulego bakarra jarriko du martxan udalak, gaur egungo turismo bulegoa egin beharko dira eskaerak Oarsoaldearen bidez lagunduko diete ostalariei bi diru laguntzen tramitazioa egiten. Bi diru laguntzak bateragarriak direla nabarmendu du Otaegik, “eta gure kasuan biak bulego berean eta aldi berean eskatu ahalko dituzte ostalariek”. Bertaratzeko, hitzordua eskatu beharko dute aurrez, 943 494 129 telefono zenbakira deituta. Eskaerak egiteko epea, berriz, abenduaren 11 arte dago indarrean.
Datozen egunak “intentsoak” izango direla erantsi du alkateak, “ostalari guztiek egin beharko dituztelako beren eskaerak”.
Errenkoalde Errenteriako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkartea entitate laguntzailea izango da, eta hala nahi duten ostalariek, Errenteriako Udalak emango dien diru laguntza elkartearen bidez eska dezakete. Errenkoalderen bulegoa astelehenetik ostiralera 09:00etatik 16:00etara dago zabalik. Telefono zenbakia 943 514 553 da eta posta elektronikoz ere jar daitezke interesdunak harremanetan elkartearekin.
Fernando Cuella Ostalaraiak eta Ostariko kideak hartu du hitza ondoren. Eskerrak eman dizkio udalari onartutako neurriagatik eta Errenteria-Oreretako ostalaritzari 300.000 euroko diru laguntza zuzena bideratzeagatik, “are gehiago, une hauetan, berriro ateak itxi behar izan ditugulako COVID-19aren hedapena saihesteko. Atzo bertan, abenduaren 10era arte luzatu zituzten Eusko Jaurlaritzak urriaren 6an hartutako neurriak, eta horrek esan nahi, guxtienez, bost astez itxita izango ditugula gure establezimenduak”.
“ikaragarri luzea” izaten ari dela prozesua Ostalaritzarentzat azaldu du Ostariko kideak, “bi itxialdi luze hauek, eta zortzi hilabete hauetan ezarri zaizkigun neurri zorrotzek, ostalaritza gogor jotzen ari dira; are gehiago, ahalmen ekonomiko handiagoa duten instituzioak neurri zorrotzak ezartzen dizkigutenean, ondorioak arintzeko bitartekorik edo irtenbiderik eman gabe”.
Errenteriako Udala pandemiaren ondorioei aurre egiteko hartzen ari den erabakiak eta neurriak, “goragoko instituzioetan” eragina izatea nahiko luketela esan du ostalariak, “oreka handiagoa izan zezaten hartzen dituzten neurriak, eta horiek eragiten dituzten ondorio ekonomikoei erantzuteko”.
Itxaropena
Etorkizunari neurri batean, baikor begiratzeko arrazoiak badituztela esan du Cuellarrek, “orain udalak onartu duen diru laguntza lerro honetaz gain, elkarlanean ari gara eta uste dugu zer edozer irten daitekeela hortik”. Harago jo du Otaegik: “Egoera oso larria izango da luzaroan, egoera honetatik ateratzea ez da erraza izango eta ulertzen dugu beharko dela ostalaritzaren etorkizunaren gaineko gogoeta bat, eta horretan laguntzeko prest gaude. Elkar lan bat egingo dugu, horretan ari gara, orain oinarriak finkatzen, baina argi dugu datozen hilabeteetan elkarlanean jardun beharko dugula ostalaritza aurrera ateratzeko”.
Diskurtsoa agortuta dutela ostalariek nabarmendu du Cuellarrek, “denetarik esan dugu egunkarietan, irrati eta telebistetan”, eta horrenbestez kalea hartzea baino ez dute. Horren harira, hilaren 28an Oarsoaldeko manifestazioa egingo dute. Zumarditik abiatuko da 17:30ean.
Errenteria-Oreretan 150 ostalaritza establezimendu inguru daude. Zailena zer izaten ari den galdetuta balantza gainean jarrita zerk hartzen duen pisu gehiago aukeratzea zaila zaiola aitortu dute Cuellarek eta Garaiar, “ekonomikoki gogorra izaten ari da zortzi hilabete daramagu baldintza normaletan lan egiteko aukerarik gabe; gure fakturazioak erdira jaitsi dira, minimoetan ari gara lanean eta kasu askotan ez dugun diru bat gastatzen kredituak eskatu behar izan dituelako ostalari askok. Langileak ditugu eta babesa eman nahi diegu, ardura daukagu beraiekin eta oso gogorra da dirua galtzen ari garelako, baina langileak daude beren familiekin. oso gogorra da”.
Harago jo du Cuellarrek: “Psikologikoki oso gogorra izaten ari da. Guztiontzako berria da egoera hau eta perspektibarik gabe funtzionatzen ari gara, egunerokoari erantzuten eta jakin gabe zer gertatuko den bihar”. Ostalaritzari pandemiaren zabaltzea leporatu diotela salatu du ostalariak, “badirudi gauzak argitzen ari direla, denak hasi direla birbideratzen bere diskurtsoa, birusa hor dagoelako, ez dagoelako tabernetan pertsonetan baizik eta pertsonak gara barreiatzen dugunak; harreman sozialak dira gakoa eta guk gure establezimenduetatik osasuna eta segurtasuna bermatzen ari gara tentu eta maitasun handiz. Bezeroen segurtasuna, ingurukoena eta gurea ere, gu garelako finean interes handiena dugunak, gure lana dagoelako jokoan”.
Laguntzen gaineko hainbat gako
- Guztira deialdian jasotzen den dirua: 300.000 (Eskaera gehiago jasoko balira zabalduko litzateke diru kopurua).
- Hartzaileak: Errenteria-Oreretako ostalaritza sektorea.
- Eskaera aurkezteko entitate laguntzaileak: Errenkoalde eta Oarsoaldea Garapen Agentzia.
- Laguntzaren oinarriak, hemen kontsulta daitezke.