Euskararik gabe Lezorik ez da
Euskaraldiarekin kaleetan euskararen presentzia areagotzeko aukera dute lezoarrek. Baina benetako erronka abenduaren 5ean hasiko da, behin ariketa kolektiboa bukatzen denean.

Ez dago ulertzerik Lezoren izatea euskararik gabe. Berezko hizkuntza da herrian, historikoki hitz egin dena. Horregatik kezkatzekoak dira Soziolinguistika Klusterrak 2019an egindako kaleko neurketaren datuak: urte horren hasieran jasotako zenbakien arabera, euskaraz dakitenen %32,6k hitz egiten du kalean euskaraz. 2016ko neurketan %36,5ekoa izan zen datu orokor hori. Beherakadaren arrazoia, batez ere, gazteen erabilera: 15-24 adin tartekoen artean, 2019an jasotako datuen arabera %28,5koa izan zen, 2016ko %41,6aren aldean.
Atzeraldiaren aurrean eragitea tokatzen da, ordea. Lezoko Udalak lehentasunen artean du euskarari (erabilerari eta ezagutzari) bultzada ematea, eta herriko hainbat eragilek ere egoskor dihardute euren egunerokoan, saiatuz haientzat lanerako edo komunikaziorako hizkuntza dena, bizitzeko ere badela demostratzen.
Euskaraldia zeregin horietarako lagungarri izango dela zalantzarik ez dago. Gaurtik abenduaren 4ra, ziur, ohikoa baino gehiagotan entzungo dela euskara herriko kaleetan —baldin eta osasun segurtasun neurriek hala uzten badute—. Baina benetako erronka abenduaren 5etik aurrerakoa da. Euskaraldia bitartean sortuko diren inertzia berriak mantentzea, eta ahal bada areagotzea da helburua.
Horri begira, herriko askotariko 30 entitatek arigune izateko konpromisoa bere egin dute, eta aldi berean ehunka izango dira datozen egunetan ahobizi edo belarriprest txapak euren jantziak zulatzen izango direnak.
Jarduerak
Lezoko Euskaraldiko batzordeak lan handia egin du iniziatiba kolektiboak herrian eragina izan dezan. Hainbat batzar egin dituzte, ardurak banatu, eta aurtengo ekitaldiari gorputza eman diote.
Egindakoen artean, datozen egunetarako jarduerak. Hala, gaur, 17:00etan, udaletxeko balkoian pankarta jarriko dute Euskaraldia iritsi dela jakinarazteko, suzirien laguntzarekin. Horrekin batera, Aralar kaleko plazatxoan, Jauregialdekoan, eta Gurutze Santuarenean, dantzariek pieza bat dantzatuko dute aldi berean; plaza nagusian Katerin Artola eta Iker Belintxon Euskal Herriko txapeldunak izango dira.
Bestalde, abenduaren 3an (Euskararen Eguna da), Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako ikasleek grabatutako bideo-muntaia zabalduko dute, Euskaraz bizi nahi dut abestia ardatz dutela.
Joxe Luix Agirretxe, Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren taldea
«Euskaraldiak barne erronka bat ekarri digu gure elkartera»
Zergatik erabaki du Etxetxok arigune izatea?
Euskararen normalizazioaren alde gaudelako, baina talde bezala ere erronka bat daukagu. Bilerak, nagusiki euskaraz egiten ditugu, baina ez erabat. Orduan, taldean euskaldun berri dezente ditugu eta gaztelaniarako inertzia batzuk badaude. Nahi dugu gure burua behartu euskararen aldeko inertziak hartzeko.
Kalera begira, ordea, euskara duzue ardatz.
Hori garbi daukagu. Gure publikazioak euskaraz izaten dira. Baina barne erabileran eragin nahi dugu. Euskaraldiak barne erronka bat ekarri digu. Prozesu pertsonala egina dugu, orain talde dinamikan hori guztia aplikatu nahi dugu.
Memoria historikoa lantzen duzue. Baina, zer nolako garrantzia du euskarak Lezon historikoki?
Herriaren berezko hizkuntza da. Lezoko euskararen historia soziala ikusten badugu, lezoarrak nagusiki euskaraz bizi izan dira 1970eko hamarkadara arte kasik. Hor, berreskurapen erronka bat daukagu hizkuntzaren aldetik. Berebiziko garrantzia du euskarak gure historian.
Jaione Azpiroz, Xoxolur Mendi Kluba
«Aukera ona gara euskararen erabileran eragiteko»
Zergatik erabaki du Xoxolur Mendi Klubak arigune izatea?
Gure irteeretan-eta euskara bultzatzen dugu, mendia eta euskara. Talde barrura begira, eta kanpo eragile bezala, euskara erabiltzen dugu egunerokoan eta hori indartzeko asmoa dugu. Naturarekin harreman zuzenean, familia eta lagunartean, euskararen erabileran eta hizkuntza ohituren aldaketan eragiteko arnasgunea gara, eta izan ahobizi edo belarriprest, herritar guztiek dute gure mendi irteeretan leku bat. Aukera ona gara euskararen erabileran eragiteko.
Zuen ohiko funtzionamenduan, beraz, euskarak aparteko garrantzia dauka, ezta?
Mendi taldeak duen ezaugarrietako bat da jende asko gaudela bertan ekarpena egiten, zeregin ezberdinekin. Hamarreko taldetxo bat bagaude. Denak euskaldunak gara, eta gure funtzionamendua euskaraz da.
Eta aurrerantzean, mendian eta euskaraz eragiteko asmoa duzue, noski.
Konfinamenduen gaiagatik ezin ditugu irteerak egin. Lastima, Euskaraldia bitartean ezin izango dugula gauza askorik egin. Gainera, herrira zabaltzen ari ginen. Baina dena dela erabileran eragiteko asmoarekin jarraitzen dugu.
Eñaut Gantxegi, Tiñelu Elkartea
«Zerbait naturala da guretzat arigune bezala parte hartzea»
Arigune izatea erabaki duzue Tiñelu Elkartean. Zergatik egin nahi diozue Euskaraldiari ekarpen hori?
Zerbait naturala izan da guretzat arigune bezala parte hartzea aurtengo Euskaraldian. Gure egunerokoan euskara presente dago: bilerak euskaraz egiten ditugu, barne komunikazioetan ere euskara dugu ardatz, eta webguneko edukiak nahiz sare sozialetakoak ere gure hizkuntzan daude adibidez. Hau da, ohiko funtzionamenduan gure hizkuntza euskara da. Tiñelu, gainera, ez da soilik elkarte gastronomikoa. Kultura eta beste hainbat alor daude sartuta gure zereginen barruan, beraz, euskararen aldeko jarrera aktiboa alor horietara guztietara eramaten dugu. Uste dugu ariguneak beharrezkoa direla, eta ahal dugun heinean konpromiso horri eutsiko diogu.
Elkarteak erreferente dira gure gizartean. Eragina dute egunerokoan.
Eta erreferentzia diren heinean, euskararen erabileran ere eredu izan behar direla uste dugu. Horrela egiten dugu egunerokoan, eta Euskaraldia bitartean ere hala izango da.
Beraz, Euskaraldia bitartean konpromiso batzuk hartu dituzue arigune izateagatik. Baina aurrerantzean ere konpromiso horiei eusten jarraituko duzue?
Denbora batetik hona lantzen ari garen esparrua da euskararen erabilerarena, ahalik eta zentzurik zabalenean. Nahiz eta zuzendaritzan euskaraz egiteko ohiturarik ez duen kideren bat egon, haiek ere babesten dute euskararen aldeko jarrera. Hau da, elkartearen bileretan eta bestelakoetan ez dute inolako oztoporik jartzen jarduna euskarazkoa izan dadin. Euskararen aldeko atxikimendua eta erabilera pixkanaka landu beharrekoa da, ez bakarrik Euskaraldia bitartean.
Belaunaldi askotako herritarrak ibiltzen dira Tiñelun. Euskararen transmisioa ere ematen al da bertan?
Egia da gurean zaharrak eta gazteak ibiltzen direla, bi bloke-edo daudela. Eta bai: haien artean komunikatzeko duten hizkuntza, gehientsuenetan, euskara izaten da Tiñelu Elkartean. Hori garrantzitsua da guretzako, belaunaldien arteko harremana euskarazkoa izatea, eta era naturalean gainera.