Nonahi, uneoro, guztiekin
Errenteria-Oreretako 44 entitatek babestu dute Euskaraldia. Norbanakoen inplikazioaz gain, entitate horiek ariguneak eskainiko dituzte euskaraz lasai, eroso eta konplexurik gabe aritzeko.
Euskaraldiarekin bat egin dute Errenteria-Oreretako 44 entitatek. Horietako bakoitza arnasgune bihurtuko da. Euskaraz lasai, erraz eta konplexurik gabe aritzeko eremua eskainiko diete herritarrei. Errenteria-Oreretako ikastetxeek ez dute hutsik egin; denek egin dute bat iniziatibarekin eta gaurtik hasi eta abenduaren 4a arte are gehiago indartuko dute euskararen aldeko apustua eta lanketa: hamar ikastetxe eta guraso elkartek egin dute bat.
Bizaraingo irakaslea da Martxel Sagarzazu. Euskaraldia garrantzitsua dela oso, eta horregatik egin dutela bat esan du, baina euskararen aldeko jarrera eta lana egunerokoan ezinbestekoak direla aldarrikatu du: «Gure ikastetxean ari diren ikasleen egoera soziolinguistikoa ezberdina da, ingurune erdaldunagoan gaude, eta horrek esfortzu handiagoa eskatzen dio hezkuntza komunitateari ikasleen artean hizkuntza ohituretan eragiteko; esfortzu ikaragarria egiten dugu, egunero, ikasleak euskarara hurbiltzeko».
Hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekotzat jo du Sagarzazuk, baita irakasleena ere, eragingo badute. Ikasleek ezin dute berez Euskaraldian izena eman, eta hori dela-eta ikastetxeak berak, belarriprest eta ahobizi txapa eta pegatina propioak sortu dituela kontatu du. Hori, gainera, herriko komertzioetan egin du; arlo hori ere balioan jarri nahi dutelako Bizarainen: «Tokian tokiko saltokietara jo behar dugu, eta gure arteko harremanak euskaraz sustatu».
Guraso eta ikasleekin, gainera, lehiaketa antolatu dutela esan du Sagarzazuk, euskaraz aritzeak, beraz, saria izango du Euskaraldia bitartean Bizarainen, «ikasleen euskararekiko konpromisoa indartzeko bide gisa».
Aisialdian euskara zabaltzearen garrantzia, haur eta gazteei hizkuntza formaletik kanpo euskaraz aritzeko aukera erakargarriak eskaintzea ezinbestekoa iruditzen zaio, eta horren harira, Kuadrillategi aipatu du; «Programa horretako arduradunak urtero etortzen dira ikasgeletara ikasleei lehen eskutik azaltzera. Euskara gurean lehentasuna da, garrantzitsuena, Euskaraldian, baina baita gainontzeko egun guztietan ere».
Hizkuntza ohiturak aldatu
Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatzea dela nabarmendu du Amaia Arruti Orereta Ikastolako irakasleak: «Horrek, bete-betean erantzuten dio gure hezkuntza proiektuaren ardatzari. 2018ko Euskaraldiaren lehenengo edizioan gure hezkuntza komunitatearen parte hartze aktiboa bultzatu genuen eta esperientzia bizi bezain aberasgarria izan zen». Euskaraldiaren bigarren edizio honetan, berriz, norbanakoaren parte hartzea sustatzeaz gain, entitate gisa konpromisoak hartu nahi izan dituztela erantsi du, arigune izanez.
Euskararen normalizazio bidean ikastetxeek hartutako konpromisoa handia da Arrutiren hitzetan. «Euskararen normalizazioan eragile izan behar du hezkuntza komunitateak, giltzarri baita», esan du. Helburua ez dela soilik euskaraz ikastea edo hiztun gaituak izatea nabarmendu du, hizkuntza komunitate aktiboa izatea parte baizik, «bide horretan, ezinbestean, eskolaz kanpoko esparruak astindu behar dira». Gakoa: euskara erdigunean jartzea, eta erakundeek erabaki estruktural zein iraunkorrak hartzea.
Gazteek euskaraz egin dezaten nola eragin daitekeen asmatzea konplexua dela dio, «eragiten duten faktoreak askotarikoak baitira». Hala ere, tresnetako bat gazteei zuzendutako euskarazko produktu eta jarduera erakargarriak eskaintzea dela dio: «Gure gazteak testuinguru ez formaletik elikatzen dira, sare sozialetatik, hedabideetatik… eta horiek guztiak gazteleraz jasotzen dituzte. Euskaldun erreferenteak behar dituzte».
Euskaraldiak hausnarketarako bidea zabaldu du Arrutiren esanetan, eta bide horretan ikasgeletan lantzeko konpromisoa hartu dute. «Ikasleei bina konpromiso hartzeko eskatu diegu, ikastola esparruan betetzekoa bat eta familian bestea. Horrekin eguneroko hizkuntza ohituren kontzientzia izatea eta horren haritik aldaketa txikiak eragitea lortu nahi dugu», zehaztu du.
Konpromisoa, egunerokoa
Euskaraldian bakarka parte hartzeaz gain, kolektibo gisa parte hartzeko aukera oso egokia iruditu zaio Koldokide Guraso elkarteari. «Arigune izatea erabaki dugu, nahi duenak gurekin euskaraz lasai erlazionatzeko aukera izan dezan, eta pausu horrekin gerora harreman ohitura horiek aldatzea lortzen badugu, primeran», esan du Ainhoa Gilek. Hezkuntza oinarrizkoa da bere ustez euskararen normalizaziorako: «Egunerokoa da, ez da egun bakarrera mugatzen.
Etorkizuneko ahobiziak eta belarriprestak bertan, ikastetxeetan sortzen dira, eta hezkuntza komunitate osoak, eta batez ere Euskal Eskola Publikoko komunitateak gizartea euskalduntzen egiten duen lana itzela da».
Euskararekin harremanik ez duten ikasleak ere bertan euskalduntzen direla nabarmendu du Gilek. «Ikasle horiek euskaraz ikasten dute, euskara ulertzen dute, eta gai dira euskaraz komunikatzeko; egiten duten lana, goraipatzekoa da», adierazi du.
Gilek uste du oinarrizkoa dela haur eta gazteek euskara aisiarekin lotzea, ez bakarrik ikastetxeko hizkuntza gisa identifikatzea: «Ezinbestekoa da euskarazko kalitatezko aisia. Ondo pasatzen duten uneekin lotzen badute euskara, errazagoa izango da erabilerak gora egitea».
Iparragirrerentzat txistuz jantzitako bertsoak, Euskaraldian
COVID-19aren osasun larrialdiak eragina izango badu ere, zalantzarik ez da, handia izango da Euskaraldiaren bigarren ekinaldia. Norbanakoen euskararen aldeko konpromisoa biltzeaz gain, entitateek babestuta, konpromiso kolektiboa ziurtatuko dute.
Egitarau oparoa antolatzea zuten helburu, baina pandemiak mugak jarriko dizkio ospakizunari; ez ordea, euskarari, eta hori da konpromisoa, familia artean, lantokian, ikastetxean, dendariekin, gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin aritzea euskaraz, hori baitu lau haizetara zabaltzeko modurik eraginkorrena, ahoz aho saltoka ibiltzea, batetik bestera, formal zein ez formal, bihurri zein serio… Aritzea, erabiltzea, barra-barra egitea da gako bakarra.
Urretxuko bardoa
Euskara izango da Euskaraldiaren izarra, zalantzarik ez da, baina horren ostean egitarauaren apustu ausartena Gure herriko Iparragirre ikuskizuna izango da. Iñigo Legorburu idazle eta bertsolari errenteriarrak eta Udal Txistulari Taldeak elkarlanean sortu dute ikuskizuna Urretxuko bardoa jaio zela bi mende bete direnean. Maialen Akizu eta Iñigo Legorburu bertsolariek; Iñaki Mendizabal abeslariak; Arrate Hernandez narratzaileak; Iñaki Dieguez akordeoi jotzaileak; Jose Luis Alonso baxu jotzaileak; eta Xabier Vesga, Olatz Oliveri, Josu Izagirre, eta Iñaki Letamendia udal txistulari taldeko kideek hartuko dute parte .
Niessen Kulturgunean emango dute, hilaren 27an, 19:00etan hasita. Aldez aurretik gonbidapenak jasotzea ezinbestekoa izango da eta horretarako bi bide izango dira: Niessen kulturguneko leihatilan, edo bibe web orriaren bidez.
Parte hartze saioa
Lau Haizetara elkarteak, berriz, Aukerak sortzen parte hartze prozesuaren bigarren saioa egingo du abenduaren 4an, Merkatuzarren, 18:00etatik 20:00etara. Izena eman behar da 943 34 01 43 telefono zenbakira deitu eta erantzungailuan mezua utzita; 688 76 53 98 telefono zenbakira whtsappa bidalita; edo posta elektronikora mezua bidalita.