«OarsoIrriak iniziatiba bizia duen kaos kreatiboa da»
Haien irri eta algararik gabe ez litzateke herririk. Haur eta gazteak entzuteko apustua egin du udalak, subjektu gisa tratatzekoa; horrek, Errenteriaren etorkizunean eragina izango duen zalantzarik ez da.

Noiz erabaki zenuten OarsoIrriak sortzea, eta zein kezka eta zein helbururekin?
Proiektua 2011. urtean abiatu genuen. Oarsoaldeko lau herriak bildu ginen, eta abiapuntua, aisialdia izan zen. Gogoan dut aisialdiaren gaineko gogoetarekin hainbat balio azaldu zirela: euskalduna, parekidea, parte hartzailea, irekia, anitza, auzolanean oinarritua, ingurumenarekin kezkatua, kontsumitzaile hutsa ez dena. Gauzak aldatzeko grina genuen, gure ondorengoei beste mundu bat uzteko gogoa; etorkizuna orainean ereiten da, eta etorkizun horretan, ereite horretan, ezin genituela haurrak albo batera utzi argi genuen; ezin genuen beraien irribarrea, bizitza ikusteko modua alde batera utzi, gu jada ikasiegiak gaude eta. Beraien beharrak, maitasuna, etorkizuna eraiki nahi badugu kontuan hartu behar ditugu, ez kanpotik begiratuta gure heldu ikuspegitik, baizik eta pareko begiradarekin eta haiek entzunda.
Entzutearena ez da asko egiten. Haurrei, zer esanik ez, ezta?
Bai, uste dut hori falta dela, bestela, mundua bestelakoa litzateke. Gauza asko aldatu behar dira, bakoitzak bere ekarpena egiten du. OarsoIrriaken hasiera hartan bildu ginenean hori sumatzen zen, hori izan zen abiapuntua. Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta tokian tokiko pertsonekin lanketa hasi zen ondoren. Oso prozesu polita izan da, nik behintzat asko ikasi dut, eta uste dut bertan murgildu ginen guztiek ikasi genuela asko.
Ohituta dago jendea kontsumitzen, eta OarsoIrriak egitasmoak hori irauli nahi du, parte hartzearen eta auzolanaren bitartez. Zaila al da haurrak ahalduntzea, zaila al da iniziatiba har dezaten lortzea?
Zailtasunak helduok ditugu, zalantzarik gabe. Ahalduntze bat baino, botere uztea da; helduok utzi behar ditugu gure botereak, eta ikusi behar dugu horiek nola eragiten duten haurrengan. Ideia horrek mundua beste modu batera ikusteko aukera ematen dizu. Esan moduan, arazoa gurea da, beraiek, aukera emanez gero, edozein gauza egin dezakete, gu gara oztopatzen ditugunak, bizi garen moduaren arabera zurrunago garelako. Ez da txarra, edo ona; hala da. Baina irauli nahi baduzu, hori apurtzeko, zure boterea utzi behar duzu, utzi behar diozu eragiteari eta besteei aukerak eman, hitz egiteko, gauzak egiteko… nahi gabe gertatzen da, eta oso prozesu polita da. Entzun behar da, entzun behar ditugu esateko asko dutelako. Guk bidelagun izan behar dugu, ez bideratzaile. Baliabideak emanez lagundu behar ditugu, baina ez eskutik eraman guk nahi dugun horretara, tronpatu behar dira, ikusi behar dute zein zaila den abesti bat sortzea, adibidez.
Zergatik jarri behar dira haurrak erdigunean?
Beti ahazten ditugu beren beharrak, batetik bestera eramaten ditugu kontuan hartu gabe zeintzuk diren beren erritmoak. Gizarteak eramaten gaitu horretara eta horrekin apurtu beharra dugu. Haurrak kontuan hartzea iraultzailea da, egiten ez den zerbait delako, eta beraiek horretaz jabetu behar dira.
Erdigunean jarri behar ditugu, errespetuagatik entzun behar ditugu, negar egiten dutenean eta barre egiten dutenean. Poztasunak ez du tristura ukatzen; presente egon behar dugu eta presente gaudenean entzun egiten ditugu. Beste gauzetara gaude egunerokoan, eta bizitzarekin lotzen gaituztenak alde batera uzten ditugu; ekonomia eta kontsumora eramaten gaituzten bideak hartu ditugu, eta haurrek, esentziara eramaten gaituzte.
OarsoIrriak sortu zenean Oarsoaldeko lau herrietan, bazegoen halako esperientziaren bat Euskal Herrian?
Nik ez dut ezagutzen, uste dut ezetz. Oso egoera berezian heldu zitzaidan, bigarren alabaz haurdun nintzela; erditu nuen alaba, baina berekin batera, gauza asko erditu nituen, kolektibo gisa proiektu hau erditu genuen.

Nora Barroso Txirrita parkean
Familiei begirako proiektua da zuena, familiak inplikatzea bilatzen duzue, ezta?
Bai, familiei begirakoa da, baina zentzu zabalenean. Parte hartzeko ez da beharrezkoa seme-alabak izatea, hiru belaunaldik parte hartu duten ekintzak izan ditugu, aiton-amonek, izeba-osabek, lagunek har dezakete parte.
Garrantzitsua da, bestalde, oso errotuta dagoen termino bat ezabatzea: ‘nire haurra’ esaten dugu. Guk ekarri ditugu mundura, gure bidez iritsi dira, baina munduan daude eta mundu horretan interakzio ezberdinak dituzte, ez dira gureak. Nahi gabe egiten dugu, eta konfiantza izan behar dugu, gugan, haurrengan. OarsoIrriak iniziatiban parte hartzen duen orok egiten du ekarpena, haurrek, familiek… Ez da kontsumo hutsa, aisialdia sortzea da, eta ekintzailea da datorren bakoitza; azken hori oso baliotsua da, rola aldatzen dugulako, emateko dugulako, baina horretarako prest egon behar da, eta hori da testuinguru batzuetan agian falta dena.
Txirrita parkea haurrek diseinatu dute horretara bideratutako hainbat dinamika baliatuta. Diseinatu zutena, errealitate bihurtu da aurten. Zer sentitzen dute haurrek amestu eta marrazten duten hura egi bihurtzen dela ikustean?
Beraien begietan poza irakurtzen dut. Lehenengo gauza kontuan hartzekoa da parte hartze prozesu bat egiten duzunean haurrek nolako herria nahi duten galdetzea, eta beraien proiektua egiteko eskatzea, ezin duzu hitzetan utzi; txostenean eta komunikabideetan oso ondo gelditzen da. Erantzun egin behar da, erantzukizun bat dago beraiekiko halako prozesu bat egiten denetik, ez da galdetzen dizut eta gero nahi dudana egingo dut, galdetzen diegu eta egin, egiten dugu. Adosten dugu benetan zer egin daitekeen eta egiten dugu.
Txirrita parkea hemen dago, erreala da, eta beraiek marraztu eta diseinatu zuten bezalakoa da, eskatu zituzten elementuekin.
Parkearekin bezala gertatu da beste proiektuekin. Kanta egin zutenean, adibidez, zirrara ikusten zitzaien, ikusten dute beraien hitza orrian eta abestian islatuta, eta ikasketa prozesu izugarria da, ez gaude geldirik norbaitek zerbait emateko. Nahi dutelako ari dira OarsoIrriak iniziatiban parte hartzen, nahi dutena, nahi duten moduan bideratzen ari dira bertatik. Beti ez da beraiek nahi dutena bakarrik, haur askoren ekarpena baitago, baina egindako guztian bakoitzaren hitza dago. Transmititzen dutena da poza eta gauzak egiteko gogoa. Herrian aritzeko eta herrian eragina izateko gogoa dute, eta pertsona kritikoak dira beraien artean ere, errespetu handiarekin, betiere. Gatazkak ere badituzte, eta hori ona da, gaizki dagoena azalarazten dutelako. Haserrea askatzea, testuinguru oso maitakorrean, luxua da.
Etorkizuna norbaitena bada haur eta gazteena da. Errenteria haurrentzako herri bizigarri bat da?
Horretan ari garela uste dut, oraindik ez garela iritsi iruditzen zait, baina ari gara.
Zer falta da horra iristeko?
Haurrek esan behar dute hori. Beraiei begira, esango nuke erritmoak moteldu behar ditugula, espazioak ireki; hemen ari gara espazioen lanketa ikaragarria egiten, espazioak bizitzearekin ari gara lanean. Ez dut esango erabilera; hitz hori merkatuak erabiltzen duela iruditzen zaidalako, eta uste dudalako guk eraiki behar dugula gure terminologia propioa testuinguru berria egiteko. Herrian azken urteetan lanketa egiten ari da espazio publikoa bizitzeko, jendeari entzuten ari da udala, eta ekarpenak biltzen. Uste dut oso bide polita eta oparoa dugula aurretik. Oraindik gauza desberdinak ditugu bizitzeko, deseraikitzeko.
Denbora oso garrantzitsua da, eta gurea zein haurrena errespetatu behar dugu, batzuetan berehala nahi ditugulako etekinak, berriro merkatua. Emaitza, agian, ezin da ikusi, baina zuk ez sumatzeak ez du esan nahi ez denik egiten, iraultzen ari gara. Bestalde, herriko beste eragile askorekin gaude sintonian, oso oinarrizkoak diren gauzetan bat egiten dugu; ez gara gu, gu asko gara eta gu askok egiten dute herria.
Haurren txupinazoa, haurren jai batzordea, inauterietako konpartsa, Irri Baratzea… Zaila izan da emaitza ikustea?
Zerbait diseinatzen ez duzunean, helburu zehatz bat ez duzunean finkatzen, ez da hain zaila. Egiten hasten zara, eta emaitza ez dakizu zein izango den, baina jartzen duzu zure gogoa, zure maitasuna, egiteko modua, eta gero gauza horiek badatoz. Oinez zoaz, etorkizuna eraikitzen, ez duzu ikusten aurrean zer dagoen, baina bidea egiten ari zaren bitartean gauzak nola eraikitzen doazen ikusten duzu. Oso polita da, batzuk esaten digutelako zer ikusi behar duzun aurrean, eta hori guztia apurtu eta zuk eraikitzea da kontua.
Zaila? Zaila da prozesua, deseraikuntza prozesua, denbora asko eskatzen duelako; nik ez diot zailtasuna deitzen horri, zailena lehen urratsa da, gero oinez joatea baino ez da; atzera begira ikusten duzu grisa zena koloretsua dela, eta ikaragarria da sentitzen duzun betetasuna.
Pandemia. Norbait mugatu eta zigortu badu adinekoak eta haurrak izan dira. OarsoIrriak dinamikak eskaini die tartea herriko haurrei. Egoera nola ikusten duzu?
Egoera hau izan da gizartearen islada, eta bizi garen gizartean haurrak ez dira kontuan hartzen. Muturreko egoera honetan ikusezinago bihurtu ditugu. Kutsatzaile nagusi gisa aurkeztu zituzten instituzioetatik… Haurrak egon dira esponjak bezala xurgatzen gure ezinegona, baita arduradun politikoen kudeaketa ere; orain izugarrizko lana dugu horri buelta emateko eta guk argi genuen zer edo zer egin behar genuela, eta bere marrazkiak, eskulanak, esaldiak jaso genituen. Negurako ekintza prestatzen ari gara orain, baina ez dut ezer gehiago aurreratuko.
Nolakoa amesten duzu etorkizuneko Errenteria?
Jendearen arteko harremana eta komunikazioa erdigunean jartzen duen herri gisa amesten dut Errenteria, hala irudikatzen dut. Jendea esaten dudanean, adin guztietako pertsonez ari naiz. Gure arteko harremanetan dago gakoa, bestea hobeto ulertzeko bidea, komunikazioa delako.