'Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara' musikadun antzezlana, igandean
Oiartzungo Antzerkizale Elkarteak antolatutako emanaldia izango da igandean, ikasturteko hirugarrena. Sarrerak salgai daude txokolategian.

Oiartzungo Antzerkizale Elkarteak antolatuta, ikasturteko hirugarren emanaldia egingo dute datorren igandean, hilak 29. Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara antzezlana ikusteko aukera izango da.
Loraldiak ekoiztutako antzezlana da, Patxo Telleriaren gidoia, Patxi Heguyk antzeztua eta, Xabi Zeberio, Mixel Ducau eta Alaia Phillips Ducau musikariekin.
Sarrerak salgai daude, Garmendi txokolategian, bost euroan. Bi saio egingo dituzte, 17:00etan eta 19:00etan. Izan ere, udaletxeko pleno aretoko edukiera 30 lagunentzako da.
Honakoa da Loraldiak obrari buruz esan duena.
Teatroari dagokionez, Patxo Telleria dramaturgoak idatzitako testua hartu eta Txomin Heguyk plazaratuko du bakarrizketa erara.
Musikari dagokionez, Xabi Zeberio eta Mixel Ducau bikoteak sortutako soinu bandak ornituko du teatro bakarrizketa. Itzal luzeko bi musikagilerekin batera Alaia Phillips Ducauren emakumezko boza bat izango da kantuan aritzeko. Kantuek irudikatuko dituzte Anton Abbadiaren bizitza pasarteak.
Musikaren eskutik bidaia ederra egingo dugu, ikuskarian zehar Irlanda, Frantzia, Zuberoa, Etiopia… herrialdeetako aireak entzungo baititugu.
Xabi Zeberio biolina eta nyckelharparekin arituko da. Mixel Ducau, berriz, gitarra eta saxoarekin. Nabarmendu beharrean gaude Alaia Phillips Ducauren agerpena. Ahots berri honen estreinaldiak euskal boza berri bat ekarriko du eszenara.
Ikuskari honen leman Oier Guillan dugu. Oiartzungo antzerkigile honen lana Metrokoadroka konpainian izan da batik bat. Eskarmentu handia du eszena zuzendaritzan eta eginkizun honetan Abbadiaren bidaia antolatzeko eta gidatzeko agindua du.
Esan bezala, teatroa eta musika uztartzen duen sentikaria da Anton Abbadia izeneko ekoizpen propio hau.
Formatu txikiko ikuskaria izango da, hurbiletik ikusteko antzezlana, hain zuzen.