"Lan mundua orokorrean erdalduna da, baita Oiartzunen ere"
Euskaraldiak entitateei emango die protagonismoa. Perez de San Romanek ziurtatu du, egoera zaila izan arren, harrera ona jaso dutela enpresetan.
10.000 biztanle pasatxo ditu Oiartzunek. 87 entitatek eman dute izena. Zein balantze egiten duzue zifra horri buruz?
Gustura gaude datuekin. Gainera, ikusita zein garaitan gauden… Lan mundura iristea asko kostatzen zaigu, eta orain, oraindik eta zailagoa izan da. Konfinamenduak harrapatu gintuen hain justu entitateen kanpaina egiten ari ginenean. Kuantitatiboki emaitzekin oso gustura gaude, baina beti egin daiteke zerbait gehiago, Oiartzun industriagune asko dituen herria delako. Lehenengo aldia izateko, oso ongi egon da, egia esan.
Esan eta esan aritu behar izan al zarete?
Bisitetarako hilabete bakarra izan dugu, konfinamendua bukatu eta hurrengoa. Aurreko lana telefonoz egin izan dugu. Askotan aurkitzen zenuen ERTE bat egin zutela, euren etorkizuna nolakoa izango zen ez zekitela… Bestelako kezka batzuk zituzten, baina gu beti ongi hartu gaituzte. Bazekiten zertara joaten ginen, eta ongi hartu dute. Hori bai, panorama oso zailekin aurkitu gara.
Ahobizi eta belarriprest figurak nahiko argi —ez guztiz— geratu ziren lehenengo Euskaraldian.
Entitateek beren papera zein izango den argi al dute?
Ahobizi eta belarriprest figurak, egia da, oraindik badagoela jendea gaitasunarekin lotzen duena. Ez da gaitasun kontua, baizik eta egun horietan hartzen den jarrera eta konpromiso kontua da.
Entitateekin denbora gehiena pasatu dugu ariguneak zer diren esplikatzen, beraiei dagokiena hori delako. Entitate batzuek, modu natural batean, bazituzten, eta beste batzuek mugimenduak egin behar izan dituzte langileen artean.
Oiartzun euskararen arnasgunea da. Hori abantaila ala desabantaila al da? Oiartzuarrak eroso ikusten al dituzu erabilerari dagokion portaerarekin?
Oso subjektiboa da. Arnasgune izateak laguntzen du enpresa batzuetara hurbildu eta modu natural batean eramaten dela ikustean, lehen esan dizudan bezala. Gauza batzuk lotzea izan da, eta kito.
Horrek ez du esan nahi Oiartzunen gauzak errazak direnik. Lan mundua, orokorrean, erdalduna, eta Oiartzunen ere bai. Askotan pentsatzen dugu Oiartzun dena baino gehiago dela. Kale erabilera %58koa da, eta lan munduan sartzen bagara, asko egiten da gazteleraz. Hor erronka handia dugu.
Badaude hainbat iniziatiba euskara ahalik eta eremu gehienetara eramateko: Euskara Merkataritzara (1995etik), Euskara Elkartera (2006tik) eta Lanin (2017), adibidez.
Oiartzungo Udalak eskaintza polita egiten du, zerbitzu horien, Ttur-tturren edo Aize-AEKren bitartez gauza politak eskaintzen ditu, laguntzen bitartez. Laguntzak ematen dira, eta nahi duenak eskura ditu. Enpresa bakoitzak bere borondatea ere jarri behar du; norberaren egunorokotasunean zaila izaten da euskaran pentsatzea. Baina hobetzen doa, askok ezagutzen baitituzte Oiartzunen dauden zerbitzuak.
Nola joan da ahobizi eta belarripresten izen ematea?
Txapak ematen hasi ginenean, 600 bat lagunek emana zuten izena. Aurrekoan baino pixka bat motelagoa izan da, baina azken bi asteetan igo da nabarmen. Orain hala izan da: asteartean 70 izen emate izan ziren. 2018koan 1.700 oiartzuarrek hartu zuten parte ariketan.
Aitzakia dirudi, baina pandemia garai honetan zailagoa da jendearengana joan eta gauzak egitea.