Oiartzungo mugimendu feministak indarkeria matxista salatuko du etzi
Datorren asteazkena indarkeria matxistaren kontrako eguna da. Elkarretaratzea egingo du Oiartzungo Feministen Asanbladak, plazan.
Datorren asteazkena, hilak 25, indarkeria matxistaren kontrako eguna da. Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea deitu du arratserako.
Oiartzungo plazan elkartuko dira, 18:30ean. Hasiera batean, 19:00etan jarri zuten hitzordua, baina ordu erdi aurreratu dute.
Indarkeria matxistaren hainbat aurpegiak azaleratu nahi ditu herriko mugimendu feministak. Horrela, indarkeria matxistaren barruan ohiko hainbat gertaera sartu dituzte: emakumeak sexu objektu bezala hartzea; soldata arrakala; emakumezkoen kirola ikusezin egitea; etxeko langileek prekarizazioa; emakumeen gaixotasun edota gaitzak gutxiestea; jolastokien maskulinizazioa; familia tradizionalaren inposizioa; pentsio arrakala; emakumeen pobrezia; garraio publikoan emakumeak deseroso sentiaraztea…
Bi ekitaldi
Bihar —asteartea— eta ostegunean bi ekitaldi antolatu dituzte Oiartzungo Feministen Asanbladak eta udalak.
Indarkeria instituzionaleko bi adibide aztertuko dituzte beste hainbeste hitzalditan. Bi solasaldiak udaletxeko pleno aretoan izango dira, 18:30ean hasita.
Lehenengoak Kartzelari kritika feminismotik. Itsutu eta mututako errealitateak du izena. Datorren asteartean —hilak 24— izango da, eta hizlariak bi preso ohi eta militante feminista izango dira: Ekhiñe Eizagirre eta Katia Reimberg.
Hizlariak entzuteaz gain, La mochila invisible dokumentala ikusteko aukera emango zaie bertara joaten direnei. Kartzelan preso egondako hiru emakumeri buruzko dokumentala da, behin kalera atera ondoren aurkitzen dituzten zailtasun eta estigmatizazio hirukoitza aztertzen du. Hiru estigmatizazioak honakoak dira: generoarengatik, jatorriarengatik eta kartzelatik pasatu izanagatik.
Bigarren saioa ostegunean —hilak 26— izango da, Sorginak existitu al ziren? izenburupean. Amaia Nausia Pimoulier historialariak izango du galderari erantzuteko ardira. Euskal Herrian XVI. eta XVII. mendeetan egondako sorgin ehizari buruz arituko da.