Eguneroko ohiturekin mundua aldatu nahi du Mater Museoak
Ontzi Museo Ekoaktiboak '#Zu2025 Eraldatu zaitez' kanpaina jarri du martxan, eguneroko kontsumo ohiturek munduan duten inpaktuaz jabetzeko.
Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan, Pasaia, Errenteria-Orereta eta Oiartzunen egingo den ingurumen sentsibilizazio kanpaina abiarazi du: ‘#Zu2025 Eraldatu zaitez’.
Iniziatibak komunitatean ohitura jasangarriagoak bultzatzea dauka xede, herritarrak sentsibilizatzeko mezuak eta ideiak helaraziz. Horretarako, tokiko saltokietan kartelak eta mezuak jarri dira.
Transmititu nahi den ideia orokorra kontsumoak mundu osasungarriagoa sortzeko duen boterea da, hemendik 2025era bitartean ohiturak aldatzera gonbidatuz. Herritarrak ahaldundu nahi dituzte, banakako kontsumo ohiturek munduan duten inpaktuaz jabetzeko.
Hori dela eta, hilabete batez, ‘Zure kontsumoarekin zure osasuna eta Amalurra jokoan’ lelopean, mezuak aldatuz joango dira, herritarrek hainbat etapa esperimentatu ditzaten:
- Ingurumen arazoa eta pertsonei nola eragiten dien ezagutzea.
- Gogoeta egitea eguneroko ohiturek egoera globalean duten eraginaren gainean.
- Planeta osasuntsuagoa sortzeko aukera indibidual eta kolektiboak ezagutzea.
Atxikitako saltokiak
Kanpaina pilotua denez, formatu txiki baten aldeko apustua egin dute antolatzaileek, erakusketa espazioaren egokitasuna ebaluatzeko eta tokiko saltoki txikiekin feedbacka lantzeko.
Oiartzunen, Garmendia okindegia, Elordi elikagai denda eta Abaraxka ludoteka aukeratu dira, Labore Oarsoren esperientziarekin batera. Errenteria-Oreretan, Bizimodu, Noski! liburu denda eta Dietetika Zentroak ere bat egin nahi izan dute. Azkenik, Pasaian kanpaina ikusgai izango da San Pedroko Hiruterdi eta Eroski saltokietan, bai eta Trintxerpeko Dya gunea ere.