Indarkeria matxista salatu dute hamarnaka herritarrek
Hamarnaka lagunek hartu zuen parte deialdi horretan, aurten ere, kalera ateratzeko arrazoiak soberan dituztelako.
Oreretako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira. Hamarnaka lagunek hartu zuen parte deialdi horretan, aurten ere, kalera ateratzeko arrazoiak soberan dituztelako.
Urtarriletik irailera bitartean indarkeria matxistagatik 86 salaketa egin dituzte Errenteria-Oreretan; gehienetan —61— bikoteak edo bikote ohiak izan dira erasotzaileak, eta iazko epe bereko datuekin alderatuta gora egin du familia barruko indarkeria matxistagatik aurkeztutako salaketa kopuruak —aurten 20 salaketa izan dira eta iaz 12—. Emakumeonganako indarkeria ez itxialdian, ez distantzian, ez inon, ez inoiz! lelopean, indarkeria matxista amaitzeko eskatu zuten, haren kontra borrokatzera deituta.