«Egunean 50 euro egiten ari nintzen, eta zazpi lagun nituen lanean»
Udalerriaren itxiera izan zen zartada gogorrena Donibaneko jatetxearentzat. Orain, guztiz itxita dago Ontziola, noiz arte jakin gabe. «Negua oso gogorra izango da. Zein zulo egin nahi dugu bakoitzak gure negozioarekin?», mintzatu da jabea.
Udatik egunera arteko bilakaera nolakoa izan da?
Hasiera batean barruko zatia ehuneko 50ean bete behar genuen gehienez, baina baita bi metroko distantziarekin hasieran eta gero metro eta erdirekin.
Haiek diote [Pasaiako Udalak, kasu honetan] %50era egon zitekeela, baina hori ez da egia, bakoitzak ikusi behar baitu bere jatetxeko egoera zein den. Nik, adibidez, 60 lagunentzako lekua neukan eta gelditu zitzaidan 26 lagunentzako barruko eremua.
Kanpoan, hasiera batean, noski, gure eremu barruan sartu behar genuen terraza. Gero utzi ziguten eremutik kanpo ere jartzen. Nik terraza guztia atera nuen karparen kanpora, baina horretarako, jakina, eguraldi ona egin behar du, eguraldi txarrarekin ez duzu ezer egiten.
Hasieran ireki eta hasi zen jendea mugitzen; nik turistekin egiten dut lana, eta horiek pixkanaka etorri ziren, egia esateko gutxi. Taldeekin ere lan egin ohi dugu, eta taldeena akabo; adibidez Albaolarekin edo Mater Museoarekin elkarlana egiten dut eta hori dena akabo.
Aste bukaeran guk oso ongi egiten dugu lan probintziako jendearekin, eta horiek gutxi gorabehera etorri ziren, baina aste barruko jendea ez zen agertzen. Ez ziren agertzen Oreretako jendea zelako, adibidez, baita jende heldua ere, eta azken horiek beldurrarekin daude…
Aste barruan guk 60 lagunei ematen genien bazkaria, eta aurten udaran 20-30 ibili dira. Egia da langile gutxirekin egon garela, ez genituelako behar: lehengo udaran uste dut hamabi nituela, eta aurten zazpi lagun egon gara.
Ordutegiaren murrizketak nola eragin dizue?
Udaran afariak oso lasaiak izan dira, gainera autobusak kendu egin zituzten, ia erabat desagertu dira afariak. Aste bukaeran herriko jendea eta Oreretakoak kotxez etortzen ziren eta zerbait egiten genuen, baina bestela gaua hil egin da.
Eguerdietan beno, aste bukaeran Donibanera jende asko dator eguna pasatzera, eta salbatu egin dugu… Baina nik diodan bezala, duina izan da, ezer gehiago; justu gauzak ordaintzeko eta aurrera egiteko.
Gero, puntu gorria jarri zigutenean, hor akabo. Hasiera batean 21:00etan itxi behar genuen, aste bukaera batez egon ginen eta gero herria itxi zuten, eta herria itxi eta gero ezertxo ere ez. Izan ere, nik astebete pasatakoan mugaketagatiko ABEEan [ERTE delakoak] sartu nituen langileak, ez nielako ezta bi lagunei ematen bazkaltzen.
«Zenbat hilabetez jar dezakegu dirua hau aguantatzeko? Hori da arazoa»
Ez zarete eramateko jana prestatzen ari, guztiz itxita dago jatetxea.
Ez du merezi, estatuak dio: ‘egin eramateko!’. Baina bakoitzak jakin behar du zein bezero mota daukan, eta nik probintziako jendearekin lan egiten dut, eta zer etorriko dira, haiek eramatekoa hartzeko? Irreala da guztiz.
Nik badut anai bat, adibidez, jatetxe batekin poligono batean, eta oso ongi ari dira lanean, baina poligono bat da. Nire kasuan inoren lurretan ez nago, ezin dugu ezer egin: ezin dira turistak etorri, talderik ez dago, helduak beldurrez daude…
Niretzako hilda dago. Nik hilaren 2tik aurrera astebetez iraun nuen, egunean 50 euro egiten ari nintzen, eta zazpi lagun nituen lanean. Ez da posible. Oso gaizki.
Diru laguntzarik jaso duzu?
Niri orain arte sos bat ere ez zait iritsi, ezertxo ere ez. Esaten dute atera dutela, baina nik eskaera guztiak egin ditut eta adibidez Lanbidetik erantzun zidaten esanez niretzako ez zela dirurik, baina besteen zain nago.
Nahiz eta eskatu, diru laguntza guztiek tranpa daukate: adibidez Eusko Jaurlaritzakoa nire kasuan 3.500 euro lirateke, baina gero, bai edo bai lau hilabetez irekita eduki behar duzu establezimendua. Tranpa bat da.
Esaten baldin badigute orain abenduan irekitzeko, gero, guk uste dugunez, urtarrilean ixteko, janaria daukagun lokalentzat eromena da. Bakarrik edariak baldin badituzu itxi egiten duzu eta tira, baina janariarekin diru asko joaten zaigu zakarretara, eta ni adibidez planteatzen ari naiz abenduan agian ez irekitzea, herria irekitzen ez badute ez duelako merezi.
Ez dakit nola egingo dudan, baina nik ez dut irekiko urtarrilera arte gutxienez, negua oso gogorra izango baita, eta egingo dugun bakarra izango da dirua jarri. Baina noiz arte?
Esaten baldin badizute, adibidez, bi hilabete iraungo duela, tira; bi hilabetez nik jarriko dut dirua eta gero gauzak normaltasunera bueltatuko dira. Baina ez da egia. Negua oso gogorra izango da, eta zenbat hilabetez jar dezakegu dirua hau aguantatzeko? Hori da arazoa. Zein zulo egin nahi dugu bakoitzak gure negozioarekin? Hori da bakoitzak baloratu behar duena.