Sorkuntza kolektiboa azaleratuko du Hitzen Lihoak
Xabier Leteri tartea eskainiko diote. Larunbatean lehenengo ekitaldia egingo dute, zehazki Leterekin zerikusia duten txokoetatik.
Abenduan Hitzen Lihoa iniziatiba —aurten kultur elkarte bihurtu dira— hirugarren aldiz egingo dute. Urtero gai bat izan ohi du ardatz, eta aurten sorkuntza kolektiboa izango da. Hala ere, Xabier Leteri keinu bat egingo diote, ostiralean beteko baitira hamar urte hil zela.
Hitzen Lihoa antolatzen dutenen ustez, sorkuntza kolektiboa bigarren plano batean dago, eta ikusgarritasuna eman nahi diote taldean sortutakoei: “Maiz, sortzaileak bakarrik imajinatzen ditugu lanean, oso bakarkako lana balitz bezala, eta ez du zertan hala izan. Errealitate hori azalera ekarri nahi dugu”.
Euskal Herrian esperientzia kolektibo asko dagoela nabarmendu dute, baina Hitzen Lihoak gaur egungoari begiratuko diola.
Xabier Leten barrena, hasteko
Larunbatean —hilak 5— hasiko dira ekitaldiak (ikus egitaraua behean), Leteri egindako keinuarekin. “Aurten Hitzen Lihoak ez du Lete ardatz izango, baina keinu bat egin nahi izan diogu gure herriko sortzaile handiari. Izan ere, ez du alferrik gure zikloak/taldeak haren poesia batetik hartu izena”, adierazi dute.
Xabier Leten barrena ibilaldi biografikoa izango da, Elizalde auzoan barrena. Ibilbidea “goxoa” eta “mimoz prestatua” izango dela ziurtatu dute, eta sorpresak egongo direla. Eider Bergaretxek egingo ditu cicerone lanak, eta Leteren hainbat aurpegi erakutsiko dizkie hurbiltzen direnei: Leteren kantuak edo hari buruzkoak, poesia irakurketak, antzerkia, bertsoak…
Sortzaile oiartzuarrarekin lotura zuzena edo haren bizitza ikertu duten hainbat pertsonak utzitako testigantzetan dago oinarrituta ibilbidea: Joxe Angel Arbelaitz; Eugenio Arozena; Alex Gurrutxaga; Arantxa Lete; Jon Martin; Lourdes Otegi; Ainhoa Urien eta Antton Valverde.
Ibilbidean parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako, Oiartzungo Turismo Bulegoarekin harremanetan jarri beharko da e-posta bidez idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.
Herriko ikasleek ere izango dute Xabier Leten barrena ibiltzeko aukera. Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko DBH 3. Eta 4. mailako ikasleek Eider Bergaretxerekin ibilaldia egingo dute bi egunetan.
Hizteria kolektiboa, oiartzuarren lana
Hitzen Lihoa aste honetan hasiko bada ere, duela hilabete eta erdi inguru jarri zuten motorra martxan. Urrian Hizteria kolektiboa asmatutako hiztegia sortzen hasi ziren Txakur Gorria taldearen laguntzarekin. 57 lagunek hartu dute parte, eta bakoitzak hiru sormen ariketa egin ditu: hitza sortu; beste baten hitzari definizioa jarri; eta definizio bat irudikatu.
Abenduaren 10ean Txakur Gorriakoek aurkeztuko dute oiartzuarrek osatutako hiztegi hori. Parte hartu duen bakoitzari liburuxka oparituko diote, lan egiteko prozesua azaltzeaz gain.
Herriko haurrek ere sortu dute euren Hizteria kolektibo propioa. Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako LH 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek taldean hitzak asmatu, definitu eta ilustratu dituzte. Lan horiek erakusketa gisa erakutsiko dira udaletxeko areto nagusian astebetez (abenduaren 10etik 18ra).
Gaur taldeari begirada
Hainbat artistek Gaur taldea osatu zuten 1960ko hamarkadan. Erreferentziala izan zen taldea, baita bertako partaideak bakarka ere: Oteiza, Txillida, Basterretxea, Mendiburu, Zumeta… Euskal arte modernoan mugarria ezarri zuten.
Gaur atzo zen mahai-inguruak artista plastikoak eta kolektibotasuna izango ditu hizpide. Artista kolektiboen egungo kezka, ildo estetiko, antolaketa eta harreman moduetara gerturatzeko solasaldia izango da. Ainara Lasak gidatuko du mahai ingurua, eta OKELA Sormen Laborategiak, Tractora Koopek eta Itzal Aktiboak parte hartuko dute.
Txolarte antzezlana, propio sortuta
Metrokoadroka kolektiboak behin bakarrik emango den antzerkia sortu du: Txolarte. Oiartzunerako propio sortutako site-specific performancea da, herriko istorioak modu umoretsu eta poetikoan jaso eta moldatuta. Done Eztebe elizan izango da, parrokiari berari egokituta.
“Agendetan, hemeroteka ahaztuetan, funtsean kulturaren erraietan, hamaika istorio geratu ohi zaigu jaso gabe: hala kulturgintzan nola arte diziplina bakoitzean, eta herri bakoitzeko auzolan ahaztuetan. Txolarte emanaldian istorio horietan jarriko da arreta”, iragarri dute.
Gutiziak, 24ren artean
Iaz lehenengo aldiz irakurraldi jarraitua egin zuten, eta aho zapore gozoak animatuta, aurten esperientzia errepikatzea erabaki dute.
Gutiziak liburua (Txalaparta, 2000) aukeratu da horretarako: modu kolektiboan idatzia (29 idazle emakumeren istorio bana biltzen du) eta modu kolektiboan irakurria.
24 oiartzuarrek parte hartuko dute irakurketa jarraitu honetan eta Done Eztebe plazatik entzun ahal izango da.
Hitzen Lihoak oiartzuar guztiak —zein udalerri mugakideetakoak— gonbidatu dituzte ekitaldietan parte hartzera. “Ziur ekitaldi ederrak izango direla, eta erruz gozatuko dutela”, opatu dute.
Egitaraua
- Abenduak 5, larunbata: Xabier Leten barrena —ibilbide biografikoa—
Landetxe plaza, 11:00etan. (Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da: e-posta bidez edo 943 49 45 21. - Abenduak 10, osteguna: Oiartzungo Hizteria kolektiboa-ren aurkezpena. Udaletxeko areto nagusia, 19:00etan.
- Abenduak 10etik 18ra: Haurren Hizteria kolektiboa-ren erakusketa. Udaletxeko areto nagusian.
- Abenduak 11, ostirala: Xabier Leten barrena —ibilbide biografikoa—. Landetxe plazan, 11:00etamn.
- Abenduak 12, larunbata: Txolarte antzerki-performancea. San Esteban elizan, 19:00etan. (Sarrerak: 5 euro. Garmendi txokolategian).
- Abenduak 13, igandea: Irakurketa jarraitua: Gutiziak. Udaletxeko areto nagusian, 11:00etan.
- Abenduak 14 eta 15, astelehena eta asteartea: Xabier Leten barrena —ibilbide biografikoa— ikasleentzat, Elizalde auzoan.