Markolako bidegorrian argiteria jartzeko eskatu du PSE-EEk
200 bat metrotan argirik ez dagoela nabarmendu dute sozialistek, eta mugikortasun ohiturak mugatzen dituen akatsa konpontzea eskatu dute.
PSE-EEren udal taldeak eskatu du Markola inguruko bidegorriko puntu ilun batean argiteria publikoa jartzeko. Zehaztu dutenez, Markolako biribilgunea Arditurriko bidegorriarekin lotzen duen zati hori —Topoko bideari paraleloa— ilunpetan egon ohi da gaua hastearekin bat.
Isaac Palencia bozeramaile sozialistak nabarmendu duenez, egunetik egunera gehiago dira bidegorrien erabiltzaileak. “Eremu hori ilunpetan dago, eta segurtasun eza sorrarazten du, baita irisgarritasuna zaildu ere. Lurralde Saileko azkeneko batzordean eskaera egin genuen, eta zatia puntu iluna izateari uzteko neurriak berehala hartzea eskatzen dugu”, zehaztu du Palenciak.
Zinegotziak gogorarazi duenez, udalerriko herritar eta elkarte askok urteak daramate puntu ilunak desager daitezen eskatuz. “Herritarrak gero eta kontzientziatuago daude beren segurtasunarekin eta bizi kalitatearekin. Horregatik, arriskua sor dezaketen egoerekin bukatu behar da lehenbailehen”.