Oiartzungo kultur ondarearekin lotutako bi liburu ilustratu aurkeztu dituzte
'Xabier Lete ttiki' eta 'Burnizko potoa' liburuak osatu dituzte Antton Kazabon idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak. Dibertitu eta ilustratzeko sortu dituzte.
Oiartzungo kultur ondarearekin lotutako bi liburu aurkeztu dituzte gaur eguerdian: Xabier Lete ttiki eta Burnizko potoa. Bi kasuetan Antton Kazabonek idatzi ditu testuak, eta Jokin Mitxelena izan da ilustrazioak egitearen arduraduna. Berriozarreko (Nafarroa) Denonartean argitaletxearekin argitaratu dituzte bi liburu ilustratuak.
Xabier Lete ttiki haurrei zuzendutako liburua da. Transmisioa egiteko helburua du, eta haurrentzako eduki arinak sortu dituzte. “Xabier Lete txikia zeneko peripezia batzuk jaso ditut, eta horretarako Arantxa arrebarekin elkartu naiz, bere kontuak jasotzeko. Horrez gain, badaude disko eta liburu izenak aipatuta”, azaldu du Kazabonek.
Idazleak gaineratu duenez, aspalditik zuen bere belaunaldiarentzako erreferente izan direnen transmisioan ekarpena egiteko asmoa. Horrela sortu ditu Benito Lertxundi naiz eta Xabier Lete ttiki liburuak. Lourdes Iriondori buruzkoa izango da hurrengoa, ziurtatu duenez. Gaur aurkeztu duen liburua proiektu baten parte dela nabarmendu du.
Bi liburuak Oiartzungo Udalaren laguntza jaso dute. Herriko ikastetxeetan banatuko dira. Iosune Cousillas Kultura zinegotziak adierazi duenez, udal erakundeari “interesgarria” egin zitzaion herriko ondarea ipuinen bitartez transmititu ahal izatea.
Kazabonek berak atzo ipuina herriko bi ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2. mailako haurrei kontatu zien. Cousillasek nabarmendu duenez, Jokin Mitxelenak oso ongi ilustratu ditu herriko txokoak: “Buelta bat eman zuten ondoren herritik, eta egunerokoan ikusten dituzten toki horiek liburuan agertzen zirenak bezala identifikatu zituzten. Balio du behintzat haurrek Lete nolabait ezagutzeko”.
Artikutzako trena, ardatz
Aurkeztu duten bigarren liburua Burnizko potoa komiki liburua izan da. Artikutzako trenaren historia fikzioaren bitartez dibulgatzeko asmoarekin sortu dute. Anton Mendizabalen ideia izan zen.
Mugarri bildumako 2017ko zenbakia tren horri buruzkoa da, eta Mendizabal berak zein Suberri Matelok osatu zuten. Mendizabalek, baina, edukia “samurtu” nahi izan zuen, eta begitik sartuko zen zerbait osatu, Kazabon eta Mitxelenarekin.
Kazabonek Burnizko potoa liburuaren argudioaren berri eman du, spoiler-ik egin gabe: “Artikutzan gazte bat zauritzen da, eta mutil kozkor batek trena hartzen du, Altzibarreraino. Han jaitsi eta Don Feliz medikuarengana joaten da. Bueltatuko dira Artikutzara, gaztea sendatzera. Han ikusten dute zer dagoen burdinazko poto horretan”.
Idatzitako eta marraztutako guztia trenari “oso fidela” dela ziurtatu du Kazabonek, Mendizabal oso gainean egon delako.
“Aparteko trena”
Anton Mendizabalek adierazi duenez, Artikutzako trena “apartekoa” izan zen, ez zegoelako antzekorik Iberiar penintsula osoan. 1905 eta 1918 urteen artean egon zen martxa, eta ia Goizuetatik Errenteria-Oreretaraino 30 kilometro egiten zituzten bagoiak. Hainbat oztopo gainditu behar zituen, tartean aldapa pikoak.
Artikutzako Trenaren Ikerketa Taldeak trenbidearen historia arakatu zuenean, konturatu ziren ez zegoela material grafiko askorik. Beraz, Mitxelenak bere aldetik asko jarri behar izan du. “Talentua izateaz gain, badu bere grazia. Detaile txikienak ere ilustratu ditu”, gaineratu du Mendizabalek.
Jarraitu duenez, trenek eta trenbideek badute halako erakargarritasun bat, eta Burnizko potoa liburuarekin gaiarekiko pedagogia landu nahi izan dute.