[Erreportajea] Euskararen etorkizunera begira
Pasai Donibaneko gazteek euskararekin duten harremanaren gaineko ikerketa lana aurkeztu dute. Hizkuntzaren ezagutza oso nabarmena da, baina hori ez dator bat erabilerarekin.
Gaur amaituko da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Azken hamabost egunetan euskara entzun da jende askoren ahotan, ohikoa baino maizago ziurrenik. Batzuk ahobizi izan dira, beste askok, aldiz, belarriprest rola hautatu dute.
Euskararen aldeko iniziatibetatik harago, euskal gizartearen hizkuntza ohiturak aldatzea helburua izan du Euskaraldiak hasieratik. Erronka ez da makala, eta hurrengo hilabetetan jakingo da ea egun hauetako praktikaldiak bere emaitzak eman dituen ala ez.
Euskararen erabilera bultzatzea erronka zaila da. Pasai Donibaneko gazteek badute zer esan horren inguruan. Euskara eta barrutiko gazteak izan zituzten hizpide asteartean Pasaiako barrutiko Juanba Berasategi auditorioan aurkeztu zuten ikerketan. Horren protagonista gazte sanjuandarrak izan arren, Pasaiako beste barrutietako bizilagunak ere bertaratu ziren.
Ordubete pasatxo iraun zuen ikerketaren aurkezpenak. Josu Ozaita eta Jone Hernandez antropologoek hartu zuten hitza, egindako ikerketa guztia modu errazean azalduz. Egindako lana atal ezberdinetan aurkeztu zuten, lehenik eta behin erabilitako metodologia argituz.
Alde batetik, herriarekiko hurbilpena gauzatu zuten, gazteria eta, batez ere, herria ezagutzeko asmoarekin. Ondoren, euskararen egoera ezagutzea izan zuten helburu.
Gazteen iritzietatik abiatuta, Pasai Donibaneko irudi orokorra osatu zuten ikerketaren arduradunek. Elkarrizketatutako gazteek Pasai Donibane herri euskaldun, arrantzale eta turistiko bezala deskribatu zuten, beste adjektibo batzuen artean. Euskararen erabilerak, ordea, ez du bat egiten deskribapenaren zati batekin. Gazte horietako batek esana: «Euskaldunak gara, baina euskara oso gutxi erabiltzen dugu».
Gazte horien analisi sakona egin zuten ere Ozaita eta Hernandez antropologoek hitzaldian, sanjuandarrek emandako informazioaz baliatuta. Pasai Donibanen gazte gutxi daudela jakinarazi zuten, oso okupatuta daudela, eta bi ataletan sailkatu zituzten. Batetik, oso gazte aktibo direnak; eta bestetik, guztiz pasiboak.
Donibanen egon daitezkeen ariguneak ere nabarmendu ziren hitzaldian. Batetik, erreferente batzuk bazeudela onartzen zuten ikerketaren arduradunek, horien artean nabarmen goraipatu zuten Ubera liburutegiak egiten duen lana.
Baina ez da leku bakarra. Pasaia-Lezo Lizeoa ere aipatua izan zen erreferente moduan euskarari dagokienez, eta horrekin batera Xantixa Gazte Elkartea ere.
Egindako lanak arlo ezberdinak jorratzen ditu, eta horietako batek gazteek euskararekiko dituzten ideiak eta sentimenduak biltzen ditu. Horren bitartez, euskararen egoera ezagutzeko hainbat gako lortu dira ikerketarekin.
Gaztee askok euskara helduekin eta haurrekin harremantzen dute
Batetik, udalerriko gazte askok euskararen erabilera jende oso helduarekin edo haurrekin harremantzen dute. Horrez gain, euskarari oso kutsu formal eta akademikoa ikusten diotela onartu dute gazte askok, hau da, egunerokotasunerako tresnen falta sumatzen dute hizkuntzan.
Barrutiko paisaian euskarak presentzia duela nabarmendu dute gazte sanjuandarrek, eta hizkuntzaren aldeko iniziatibetan jendea mobilizatzen dela zerbait nabaria da haientzat; baina ohiturei buelta ematea oso zail ikusten dute.
Hala ere, gazte sanjuandarrek oso barneratuta dute euskara gehiago erabili behar dutela. Ia konturatu gabe gaztelerara berehala pasatzen direla onartu dute, eta oso ohituak daude gazteleraz egiten duen pertsona bati entzuterakoan gaztelerara pasatzera.
Euskara kontuan hartuta profil ezberdinak sortu dituzte ikertzaileek. Batetik, euskara bere izaeraren parte duten pertsonak daude. Bestetik, bere izaeraren parte ez, baina euskara bere inguruaren edo bizitzaren parte dutenak, modu batera edo bestera.
Ondorioak
Ikerketak ondorio nabarmenak utzi ditu agerian, eztabaidarako luze ematen dutenak, eta astearteko aurkezpenean ere mahai gainean jarri zirenak. Batetik, joerak aldatzea konplikatua egiten zaiela gazte askori.
Honekin batera, euskarak leku jakin batzuetan hutsuneak dituela onartu zuten ikertzaileek, eta hutsune horiek betetzea beharrezkotzat jo zuten. Euskarak ematen duen irudi homogeneoaz ere kezkatuta agertu ziren antropologoak, eta irudi hura aldatzera animatu zituzten Juanba Berasategin izan zirenak.
Hobetu beharreko arloen artean, euskarak duen oinarri ahula indartzea proposatu zuten, batzuetan hizkuntz egoerak kudeatzea deserosoa egiten zaielako gazte askori. Gaztelerara modu errazean jotzera dagoen inertzia eta euskara kanpotik jasotzea ere aipatu zuten alde negatiboen artean.
Bestetik, Pasai Donibaneren kasuan euskararekiko dauden alde positiboak nabarmendu zituzten hizlariek: herrian dauden erreferenteak potenteak direla babestu zuten, eta gazte taldeen artean zein gune ezberdinetakoek egindako lana goraipatu zuten.
Gazteak dira euskararen etorkizuna bermatuko dutenak. Erronka handia dute aurrean euskaltzaleek, baina behin egoera zein den jakinda eta helburuak ezarrita, aurrera egitera besterik ez da gelditzen. Gazteek merezi dute. Euskarak merezi du.