[Galeria] Xabier Leteren oroimenaren barrena
Hitzen Lihoak antolatuta, ibilbide biografikoa egin dute Elizaldetik. Leteren obra eta pasadizoak aztertu dituzte.
Hitzen Lihoak antolatuta, Xabier Leten barrena izeneko ibilbide biografikoa egin dute gaur. Landetxe plazan jarria zuten zita, eta ekitaldia hasi baino lehenago, bafletik entzun zitekeen Leteren Ez nau izutzen negu hurbilak kanta. Eta ez, ez ditu izutu bertara hurbildu diren 50 bat Leteren gertuko edota beste letezaleak.
Zazpi geltoki izan ditu Eider Bergaretxek gidatu duen ibilbideak, eta zazpiek helburu bat: Lete zenaren obra eta bizitza gertuagotik ezagutaraztea. Eskema bera errepikatu da geltoki bakoitzean: lehendabizi pasarteak kontatu edo obra aletu dituzte, eta ondoren emanalditxo bat eskaini dute.
Landetxen Lete hurbiletik ezagutu zuenak hartu du hitza: bere arreba Arantxak. Urte eta erdi gazteagoa da, eta gogorarazi du Landetxe plaza hartan jaio zirela bai bera eta bai Xabier. Gainera, leibartarren etxea hurbil zegoen. “Guretzat oso inportantea izan zen etxe hura. Lartaun elkartea sortu berria zen, eta gu elkartzen ginen han. Konturatu ginen han biltzen ginen guztiak euskaldunak ginela, baina euskaraz analfabetoak. Leibarrenean elkartzen ginen, eta euskaraz alfabetatzeko lehen liburua Garoa izan zen”, esan du Letek. Jarraian, “gaur goizean erositako” —ironiaz— liburua atera eta pasarte bat irakurri du.
Esan duenez, Lartaun elkartearen arrimuan antzerki taldea sortu zutela, izen ponposoduna: Fomento Cultural. Xabier bera izan zen lehen zuzendaria, Julen Lekuona apuntadorea eta Eugenio Arozena bera ere handik zebilela. “Gero sortu zen Intxixu, erabat ezberdina izan zena”.
Arozena berak hartu du hitza, eta gogorarazi du nola sortu zuten antzerki taldea: “Kuriosoa izan zen. 1963 hartan, ni Pasaian nengoen, bizikleta gainean, eta bera lanera zihoan. Gelditu ninduen —orduan horrela ibiltzen ginen— eta galdetu zidan ‘Nahi al duk teatro talde bat egin?'”.
Beraien harreman biziaren hainbat pasadizo kontatu ditu, tartean Urnietan antzezlan bat jokatu aurretik sagardotegira joan zirenekoa. Bazkari hark ondorio larriak utzi zituen zituen hainbat aktoreren artean. Arozenak eszena hura gogorarazi du, ahoskatzeko zailtasunak dituena imitatuz.
Ondoren, Lohizune Telletxeak eta Oier Guillanek pieza txiki bat egin dute, bata bestearen papera jokatuz, eta Leterekin (izan) duten harremana azalduz. Guillanen pertsonaiak Telletxearena ureztatu du, zuhaitz ardaxka gazteak irudikatuz.
Diburtxienea
Landetxetik Donibane kalera joan da segizioa, Lekuona-Berasategi sendiaren etxe parera. Diburtxienea izenarekin ezaguna zen etxea, eta Oihana Lekuonak —Julenen alabak— azaldu duenez, etxe hura “unibertsitatea” izan zen Leterentzat. “Kontatu izan didatenez, Lete maiz etortzen zen hona, ezagutza gosea asetzera”, zehaztu du.
Letek berak esaten omen zuenez, etxe hartako sukaldean egosi zen Ez Dok Amairu taldea. Gainera, Letek eta Juan Mari Lekuonak asko miresten zuten elkar, eta gazteagoa zena askotan joaten zen aholku bila. “Etxe hau diruz urria, baina kulturan jantzia”, esan du Lekuonak.
Ondoren, Irati Odriozolak, Ane Badiolak eta Joxe Leon Amigorenak Errota zahar maitea kantua jo dute.
Kontsejupean, bertsoak
Donibane kaletik udaletxeko arkupearen babesera joan dira jarraian. Jon Martinek nabarmendu du bertsolaritzak Leterengan izan zuen eragin handia. “Harrituta geratzen zen bertsolariek sorrarazten zuten errespetuarekin”, gaineratu du.
“Letek gaur egungo bertsolariengatik pentsatuko luke Xalbador eta Txirritarekin alderatuta ez garela ezer”. Martinek azaldu duenez, Letek herritik hartzen zuen, behien tankeran hausnartzen zuen, eta ondoren herriari itzultzen zion.
Ildo horretan, gaur egungo bertsolarien doinutegiak Leteri asko zor diola iritzi du Martinek: “Ez litzateke ezer izango Lete gabe, batez ere bakarkako lanetan edo serioagoetan”. Habanera-ren adibidea jarri du, Alaia Martin arrebarekin batera bertsotan hasi aurretik. Botatako bertsoak Izarren hautsa-n oinarritutako doinua izan dute.
Literaturari begirada
Hurrengo geltokiaren seinalea Ibargain parkean zegoen, baina Kontsejupe plazako arkupeetan egin dute, gaurko eguraldi petrala dela eta.
Lourdes Otaegi Literaturaren Teoriako EHUko irakasleak Leteren bost testu hartu eta bere literatur paisaiak deskribatu ditu.
Ainhoa Urienek Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan (Pamiela, 2020) liburua argitaratu du. Elurrak, izotzak eta neguak Leteren obran duen argitu du: heriotzarena.
Aintzane Galardik, bere aldetik, Leteren Bianditz poema —gaur gaina elurtuta dago— eta bere propio bat errezitatu ditu, egungo Landetxe plaza eta han zegoen Ollokiene baserriari buruzkoa.
Kontzertua, goraino
Bosgarren geltokia esatea zeharkatzea baino denbora gehiago behar duen kalean egin dute: Putxutxoerrekan. Han bizi izan ziren Lete-Bergaretxe familiakoak.
Joxe Anjel Arbelaitzek gogorarazi du nola ezagutu zuten elkar Iturriozko Iturri-berri elkartean. Handik urte batzuetara, Lete Kultura diputatu zela, Arbelaitzek kax-kax jo zion atea, Oiartzunen kontzertu bat antolatzeko. “Nola joango nauk kontzertua ematera, orain diputatu naizela herri erdiak ezin zidak ikusi eta?”, erantzun omen zion Letek.
Arbelaitzek azaldu zion oiartzuarrek bazekitela politikaria eta abeslaria, eta azkenean Madalensoro lepo bete zuten.
Ardura politikoak bukatuta, Arbelaitzek taldea osatzen lagundu zion, Karlos Gimenezekin eta beste hainbat musikarirekin.
Erromako hotela eta Londreseko kea
Azken aurreko geldialdia Aialde baserria zegoen inguruan egin dute, Euskal Herria plazan. Bizitzako hainbat esparrutan bidelagun izan zuen Antton Valverdek hainbat pasadizo kontatu ditu, bertaratutakoei barre algarak sortuz.
Horrela, Ventimiglian —Italia eta Frantziako mugan— carabinieri-ekin batera abesten bukatu zuten aldi hura gogorarazi du, edo Irango Iraultzaren ondorioz gasolina ordaintzeko deskontu baleek balio ez zutenean “Porco Ayatollah!”-ka —ez du itzulpen beharrik— aritu zirenean.
Bidai hartan, Erromara iritsi ziren autoan, eta ostatu hartzeko zailtasunak izan zituzten. Azkenerako, Faler izen eta tarifa susmagarriko —orduka ordaintzen zen— hotel batekin topo egin zuten. Gau erdian Lete oihuka hasi omen zitzaion Valverderi: “Anttoniyo! Hau putaetxia dek!”.
Beste behin Ziprera joan ziren, “Mediterraneoko [sic] estaturik gabeko nazioen” txapelketa batera. “Eurovision baten antzekoa izan zen… baina txarrean!”.
1977an Londreseko Euskal Etxeak han jotzeko gonbita luzatu zien, eta bidaia ordaindu. Ezin ezetzik eman. Londresen ezaguna zen smog fenomenoa, lanbroa eta fabriken kea nahasten zituena. Euskal Etxean bestelako keak topatu zituzten: “A zer festa eta zer katxondeoa zegoen han… Hori zen ke eta porro usaina”.
Hyde Parken manifestazioa egiteko baimena eskatu zuten, eta han hasi ziren “Presoak kalera”, “Txakurrak barrura”, “Gora Euskadi askatuta” eta garaiko manifestazioetako hit-parade-ko leloak oihuka. Bobbyek inguratu zieten, eta haien harridurarako, ez zieten ezer egin. Ez zeuden ohituta.
Ondoren, Alex Gurrutxagak zentsurari izkina egin zioten Lete eta Valverderen bertso pikante batzuk errezitatu ditu.
Ekitaldi instituzionala
Arizmendi-enean bukatu da ibilaldia. Bertan udalak Leteri aitortza egin dio, Oiartzungo herriaren izenean. “Ondare izugarria utzi digu Letek. Abestu ditugu bere kantuak, eta gure ardura da datozen belaunaldiek ondare hori jasotzea”, adierazi du Iosune Cousillas Kultura zinegotziak.
Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena den honetan egin diren hainbat ekitaldi zerrendatu ditu Cousillasek: egun hauetako ekitaldiak, Mugarri aldizkaria, udako kontzertuak…Ondoren, Elixabete Perez Gazteluk poema bat errezitatu du.
Arantxa Letek lore sorta jaso du, eta hasi moduan bukatu da ibilbidea: bere hitzekin. Xabierren arrebak esker oneko hitzak izan ditu antolakuntzan aritu edota ekitaldietan parte hartu dutenentzako. “Urnietan bizi zen oiartzuarra zen Xabier, inoiz ez zituen bere sustraiak ahaztu. Beti nahi zuen herriko gauzen berri jakin”, esan du.
“Orain ez dakit non egon den: Xalbadorrekin larretan zehar, edo Lourdesekin zeruko jardinetan. Zirrikitu batetik ikus balezake, pozik egongo litzateke”, gaineratu du. Leteren altxorra sekula ez dela galduko adierazi du: “Urteak pasa dira, eta joan direnak gurekin geldituko dira betiko”.
Bukatzeko, Xalbadorren heriotzean kantatu dute denak elkarrekin, Olarri dantza taldeko bi kiderekin parte hartzearekin.
Auskalo zein larretan ibiliko den Lete, baina argi geratu da gaur beti egongo dela oiartzuarren oroimenean.