Bertako ekonomia eta bizikidetza sustatzea proposatu du EH Bilduk
Oposizioko alderdiak txikizkako negozioak, herri mailako ekintzak, etxebizitzen merkatua eta elkarbizitza hartu ditu ahotan, besteak beste.
Ezohiko egoera dela medio, Pasaiako EH Bilduk ez du 2021eko udal aurrekontuei dagokienez osoko emendakinik aurkeztu, “alderdi guztien arteko akordio zabaletara iristeko helburuarekin”, baina hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean. Oposizioko alderdiak nabarmendu du udalaren ahalegina handitzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela orain.
Taldearen ustez, dagoeneko krisia pairatzen ari ziren pasaitarrak zaurgarriago bilakatu ditu pandemiak, eta horrek erronka berriak dakartza Pasaiako udalbatzan: “Udal ekimenak inoiz baino sendoagoa behar du izan eta jarduera politikoa herritarren kezka eta premiekin erabat lotuta behar du egon”. Esandakoa oinarri izanik, hainbat proposamen egin ditu EH Bilduk datorren urteko udal aurrekontuarekin lotuta:
- Bertako txikizko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei laguntzeko talka plana abian jartzea.
- Udalak segurtasunez egin daitezkeen ekintza eta programa guztiak mantentzeko eta handitzeko ahalegina egin dezala.
- Pasaiako etxebizitza udal plana garatzea (etxe hutsen diagnostiko eguneratua, udal errolda publikoa, alokairu publikoaren merkatua dinamizatzea…).
- Bizikidetza eta segurtasunarekin lotutako ekintza plana garatu eta burutzea.
Azkenik, EH Bilduk alderdi politiko guztien arteko “akordio zabalak” egikaritzea proposatu du, Pasaiarentzat egiturazkoak diren gai eta proiektuetan. Horien artean aipatu dituzte, hala nola, portu-hiri bizikidetza, Antxoko topoaren lurperatzea, Hospitalilloko parkinga, Donibaneko saneamendua eta Antxok anbulatorio behin betikoa izan dezan eskatzen duen akordioa.
Alderdiak aurrekontuen gainean egindako adierazpenak irakurgai daude, osorik, honako esteka honetan.