Ez dute hutsik egin
Pentsio eta zahartzaro duin baterako eskubidea aldarrikatu du Duintasunak gaur, hileko lehen astelehenero bezala.
Pentsio eta zahartzaro duin baterako eskubidea aldarrikatu du Duintasunak gaur, hileko lehen astelehenero bezala. Ez dute manifestaziorik egin, elkarretaratzera mugatu dira eguraldiak derrigortuta. Hamarnaka jubilatu eta pentsiodunek egin dute bat udaletxeko arkupeetan, eta bertan Toledoko Itunaren gomendioen aurka borrokatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Pasa den larunbatean, manifestazioa egin zuten horren harira. Gaurko elkarretaratzea, itun horrek egungo zein etorkizuneko pentsiodunengan izango duen eragina salatzeko baliatu dute.
Toledoko Itunaren gomendioak baztertzeko arrazoiak azaldu dituzte. Ez dute bertan aipatzen, Duintasunak salatu duenez, gutxieneko 1.080 euro pentsiorik bermatu behar denik, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duenari jarraituz. Alarguntza pentsioen gaineko gomendioek, etorkizunean okertu egingo dutela emakume askoren egoera salatu dute, halaber, eta handitu egingo duela genero arrakala. Gainera, belaunaldi arteko etena eta gatazka sortzen du, “erreforma hau, erretiratzen hasten direnean belaunaldi berriei emandako zaplatekoa da, oraingo ekarpen eta urte berekin pentsio baxuagoak izango baitituzte. Prekarietatea areagotu egingo da erretiroan, soldata prekarioek erretiro prekarioak izango dituzte ondorio”.
Erreformaren alderdirik arriskutsuena, pentsio funts pribatuak sustatzea dela nabarmendu dute, eta gogor salatu. Erresidentziak ere aipatu dituzte, eta baliabide eta bitarteko falta konpondu gabe jarraitzen dutela salatu du Duintasunak, “guzti horri buelta emateko, hemen jarraituko dugu jubilatu eta pentsiodunok borrokan”.