Lezo Institutuko agenda iraunkorra udaletxera iritsiko da
2020-2021 ikasturtean Eskolako Agenda 2030 egitasmoaren barruan landuko dutena azalduko diete institutuko ikasleek udal ordezkariei.
Eskolako Agenda 2030 proiektuari ekin diote Lezo Institutuko ikasleek. Horren barruan, aurten lantzen ari diren gaia basoena da. Lezoko basoak nolakoak diren, zein espezie dauden, azpiegiturek basoetan nola eragiten duten eta bestelakoak aztertzen ari dira. Nazio Batuen Erakundeak adostutako Garapen Iraunkorreko Helburuak (GHI) ditu oinarri lanketa orokorrak, eta horren 15. puntuan dago basoena (Lehorreko bizitza izen orokorra du puntu horrek). 13. ikasturtea dute institutuan ingurumen iraunkortasunarekin harreman zuzena duen egitasmoak lantzen.
Joan den ikasturtearen bukaeran, ikasleek ezin izan zuten Eskolako Agendaren barruan landutakoa udalean aurkeztu, COVID-19agatik. Baina bai ikasleei zein udalari ideiak eta asmoak partekatzea interesgarri iruditzen zaienez, ikasturte hasieratik lantzen ari direnaren berri emango diote institutukoek udal ordezkariei: hilaren 10ean (osteguna) bilduko dira bi aldeak udaletxean.
Ikasleek 2020-2021 ikasturteko plangintzaren berri emango diote udalari, eta udalak iraunkortasunaren alorrean egindakoak azalduko ditu.