Diru laguntza zuzenak emango dizkie udalak Pasaiako ostalariei
Establezimendu bakoitzak gehienez 2.000 euroko laguntza jaso ahal izango du. Eskaerak hilaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira.
Pasaiako Udalak, udalbatzako alderdi guztiek aho batez onartuta, 200.000 euro erabiliko ditu ostalariei laguntza zuzenak emateko, establezimenduen erabateko itxierak eragindako galerak arintzearren.
Horietako bakoitzari gehienez ere 2.000 euroko diru laguntza zuzena emango die udalak. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da: hilaren 10etik (bihar) 30era.
Laguntzen zenbatekoa
Ostalaritzako establezimendu bakoitzak gehienez ere 2.000 euroko diru laguntza jaso ahal izango du.
- Fakturazioa murrizteagatik:
- 1.500 euro establezimendu bakoitzeko.
- 80 euroko osagarria 70 metro koadrorainoko establezimenduentzako, eta 100 euroko osagarria 70 metro koadrotik gorako establezimenduentzako.
- 150 euroko osagarria, establezimenduak hiru langile edo gehiago baldin baditu.
- Alokairu eta mailegu gastuengatik:
- Gehienez ere, 250 euroko osagarria.
Onuradunak
Diru laguntza jaso ahal izango dute beren konturako langileek edo autonomoek eta mikroenpresek, haien forma juridikoa edozein dela ere; baldin eta hamar langile baino gutxiago badituzte eta JEZetik salbuetsita badaude.
Betekizunak
- Lehendakariaren 38/2020 Dekretuaren ondorioz, establezimenduak ixtera behartuta egon izana, eta ostalaritzako JEZen epigraferen batean altan egotea (lehen sekzioa, 67 taldea) 2020ko urriaren 25ean alarma-egoera ezarri aurretik.
- Pasaiako Udalarekiko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak beteta izatea.
- Pasaian kokatutako lantokia duen jarduera ekonomiko baten titularra izatea.
- Azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuak xedatutako erabateko itxiera aginduaren eraginpean egon izana.
Eskaerak non egin
- HAZ bulegoetan aurrez aurre, internet bidez eta ohiko posta bidez: Donibane kalea 19, 20110 Pasaia.
- Udalak azaroan COVID-19aren laguntzak izapidetzeko eta kudeatzeko egokitu zituen bulegoetan: Antxoko Azokan eta Trintxerpeko Alkateordetzan. Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.
Hitzordua eskatu edo zalantzak argi daitezke webaren bidez, eta baita 943 49 41 29 telefono zenbakira deituz ere.