Pasaiako kirol elkarte sareko kirolari, talde eta kideak sarituko dituzte
Udalerriko kirol elkarteen lana balioesteko helburuz egingo dute Pasaiako 'Kirolaren Gala'. Klubek haien hautagaitza edo beste batena aurkeztu ahalko dute.
Pasaiako Udalak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailaren bitartez, udalerriko kirol elkarteen lana balioesteko, ‘Kirolaren Gala’-ren barruan toki bat egin nahi die Pasaiako kirol elkarte sareko kirolari, talde eta kideei, eta taldean edo banaka toki mailan aitortza merezi duten guztiei.
Hautagaiak
Urtean zehar Pasaian egiteko nabarmena garatu duten edo lurraldeko, estatuko edo nazioarteko txapelketetan herriaren izena babestu duten kirolariak, klubetako staff teknikoak edo kirol klubak izan litezke sarituak.
Proposamenak aurkeztea
Klubek haien hautagaitza edo nahiko meritu dituen beste kluben batena aurkeztu ahal izango dute saria jasotzeko. Era berean, bere klubeko edo beste kirol klub bateko kirolariak proposa ditzake aurretik aipatutako egoeran badaude.
Klub bakoitzak gehienez ere proposamen bat egin ahal izango du hilaren 31 baino lehen, herriko HAZ bulegoetan edo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saileko helbide elektronikoan.
Betekizun guztiak eta informazio osatua hemen irakur daiteke.