400.000 euroko zuzkidura izango dute Ondartxo bidea berrirekitzeko lanek
Obrak Pasaiako Udalak egingo ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntzari esker. Lanak gauzatzean San Pedrok "birika" berreskuratuko du.
San Pedroko puntetara eta farora doan bidea itxita dago urte hasieratik. Joan den astearteko Gobernu Kontseiluak baimena eman du hainbat hirigune eraberritu eta berroneratzeko, horien artean Pasai San Pedroko Ondartxo pasealekua.
550.000 euro erabiliko dira, guztira, Gipuzkoako Hiri Agendan aurrera egiteko, lau berroneratze-proiektutan sailkatuta. Onartutako azken jarduketa Pasaiari dagokio, eta 400.000 euroko zuzkidura du.
Diru laguntza horri esker, Ondartxo pasealekuko hegala egonkortzeko obrak egin ahal izango dira. Pasealeku hori urte hasieratik dago itxita, luiziak direla eta. Esku hartzea kaltetutako partzelen titular diren jabeen, Udalaren eta Aldundiaren arteko akordio bati esker, Udalaren esku geratuko da.
Lan horiei esker, Pasaiako badiako zatirik garrantzitsuenetako bat, eta sanpedrotarrek “herriaren birika” izendatu dutena, berrireki ahalko da; horrekin, Albaolara oinez iritsi ahalko da berriz ere.
