Kale egoerari, enpatia hormak
Kale egoera bizi duten pertsonen testigantza lehen eskutik jaso dute Koldo Mitxelenako ikasleek. Esperientzia horretatik abiatuta gaiaren gaineko hiru film labur sortu dituzte, enpatia oinarri.
Koldo Mitxelena Institutuko Filosofia sailean proposamena jaso zuten joan den urtean. Emaus Fundazioak, Gipuzkoako lehenengo Homeless Film Festivalean parte hartzea proposatu zien. Urteak daramate ikus-entzunezkoen jaialdia antolatzen munduko hainbat herritan, baita Bilbon ere, baina iaz egin zuten lehenengoz Gipuzkoan.
Ideia zoragarria iruditu zitzaiela filosofia departamentuan esan du Ane Goikoetxea Koldo Mitxelena Institutuko irakasleak. Balio etikoen ikasgaia ematen die proiektu horretan parte hartu duten ikasleei: «Ikasgai honetan oso denbora gutxi dugu lanketa egiteko, eta askotan eskas gelditzen gara. Parte hartzea zerbait berria eta berritzailea zen, eta ikasleei ekarpen handia egin ziezaiekeela pentsatu genuen». Balorazioa ezin hobea izan zen lehen ekitaldi horretakoa. Aurten berriro ere eskaini diete parte hartzeko aukera, eta ez dute zalantzarik izan.
Emausen prozesuak bi zati ditu. Sentsibilizazioari begirakoa da bat, eta lehen eskutik kontatzen dute geletara gerturatzen diren pertsonek bizi duten bazterketa eta kale egoera. Goikoetxeak nabarmendu egin du puntu hori: «Ez da gauza bera gaiaren gaineko informazioa izatea, datuekin eta egunkarietako artikuluekin saio bat prestatzea, edo kale egoera bizi duten edo ezagutu duten pertsonek lehen eskutik, bertatik bertara kontatzea. Gizarte osoarena den arazoa da etxegabeena, bazterketa sozialarena, eta horren gaineko sentsibilizazioa ezinbestekoa da».
Beste zatia, entzun, ezagutu eta ikusitakoarekin film laburrak sortzeko prozesua da. Diziplina artekoa da lanketa hori, ideia filma osatzeko bidean ikasleek beraiek sortu behar dute, teknologia erabiltzen dute, baita beste diziplinak ere.
Estereotipoak eraitsi
Ose Festus, Jon Murillo, Maialen Sanchez eta Laia Gonzalez Emausen prozesuko partaide izan diren Koldo Mitxelena Institutuko 4. mailako ikasleetako batzuk dira. Enpatiatik mintzatu dira, sentsibilitatetik, baina baita kezkatik ere. Laurek aitortu dute esperientziak, beste gauza askoren artean, estereotipoak eraisteko balio izan diela.
Gogorra egin zaie kale egoera bizi duten pertsonen testigantzak lehen eskutik entzutea. Bateren batek, gertuko egoera izan du hori, baina hala ere, edo agian horregatik, barrua mugitu dien zalantzarik ez da. «Pribilegiatua» sentitzen dela hausnarketa eginda aitortu du Murillok: «Kalean bizi diren pertsonekin alderatuta zorte ikaragarria dugula iruditzen zait. Uste dut, garrantzitsua litzatekeela, beharrezkoa, halako dinamikak ikastetxe guztietara zabaltzea, kalean bizitzearen gaineko ikuspegi ezberdin bat ematen duelako, sentsibilizazioa lantzeko balio duelako».
Gonzalezen ustez balio izan die ohartzeko kale egoera edonori toka dakiokeela: «Hemengoa izan edo kanpokoa, berdin du, edonori toka dakioke. Horren aurrean gure artean laguntzea da gakoa. Kale egoera bizi dutenekin gurutzatzea dugu, Errenterian bertan, eta besteoi ere badagokigu zer edo zer egitea pertsona horien egoera hobetzeko. Arazoa guztiona da». Sanchezi begiak zabaltzeko balio izan dio esperientziak: «Ez dakigu zer den kalean bizitzea, eta beraiek, lehen eskutik kontatu dizkigute beren bizipenak. Etxe gabekoen, kalean bizi direnen errealitatea aurrez aurre jarri digute».
Baliorik ez izatea leporatu zaie behin baino gehiagotan gazteei, eta egungo pandemia egoeran inoiz baino ageriago gelditu da haien kriminalizazioa. Arduragabe gisa aurkeztu dituzte behin eta berriz. Horren aurrean, egozten zaien balioen krisiaren gainean galdetuta argi esan du Murillok «arduragabe eta pasota» izatea egozten zaiela gazteei oro har, baina argi dio ez dela horrela: «Adinekoen artean bezala, gure artean ere denetarik dago. Gazte batzuk arduragabeak izango dira, baina ez gara denak hala. Nerabeen artean ere denetarik dago, baita konpromisoa, balioak, eta enpatia duten gazteak ere badaude». Bat dator Sanchez, «beti jartzen digute gazte izateagatik arduragabe etiketa».
«Edonori toka dakioke»
Gogorrena eskoletara gerturatutakoen esperientzia, bizi bidaia, entzutea izan da lau gazteen esanetan, «ikaragarria da bizitzea tokatu zaiena». Aurreiritzien gainean argi gorria piztu du Murillok: «Beti pentsatu izan dut kalean bizi den jendeak ez duela ikasteko aukerarik izan, ez dela zaintzen, ez dutela ezer egin inoiz; hona etorri direnak ikasiak ziren, zaintzen ziren… edonori toka dakiokeela argi dago».
Estereotipo horiekin bat egin du Festusek; hark bakarrik eskaleak, eta horiek gizonak, irudikatu ditu kale egoeran bizi direnen artean: «Hona etorritakoen artetik bi, emakumeak ziren, gazteak. Horrek hankaz gora jarri ditu izan ditzakegun aurreiritziak». Gizona, adinekoa, bizar luzea eta ardo kartoia ondoan duena, hala imajinatzen zituen Murillok etxegabeak, baina errealitate oso bestelakoa aurkitu du Emausekin egin duen prozesuan. «Ondo jantzita zeuden, ez zuten itxura txarrik, ez zeuden zahartuta…» .
Kale egoera bizi dutenak ez daudela gazte hauek pentsatzen zutena bezain urrun dio Sanchezek, «etorritakoak gazteak ziren eta bere lekuan jartzea ez da zaila izan».
Herenegun eman zituzten Emausekin egindako lanketaren barruan sortu dituzten hiru film laburrak Koldo Mitxelena Institutuan. Talde lana nabarmendu du Gonzalezek, «pertsona horien azalean jarri gara, eta film laburretan esperientzia hori jaso dugu». Murillok eta Gonzalezek egin duten film laburrean, bere etxean onartu ez duten homosexual gazte baten egoeraz mintzo dira, «aitak ez du errealitate hori onartu, eta amak ez du ezer esan. Kalean bizi beharko du».
Festusek, bere lanean, haurrek eta nerabeek ere kale egoera bizi dezaketela erakutsi du. Sanchez eta harekin aritu den lantaldea, berriz, kalean bizi diren pertsonek sentitzen duten beldurraz mintzo dira. Horren gaineko datu bat eman du gazteak: «Kalean bizi direnen %30ak inoiz erasoren bat jasan dute. Gauez sentitzen duten beldurra jaso dugu guk».
Besteen azalean jarri
Emausen proiektuan parte hartzeak zertan aldatu diten galdetuta, besteen azalean jartzeko gaitasuna aipatu du Murillok: «Pertsona bakoitzak bere historia dauka, baita kalean bizi direnek ere, eta bizitzea zer tokatu zaien pentsatzea gogorra da. Orain gehiago ulertzen ditut, gehiago ezagutzen dut haien egoera, eta laguntzea badut diru apur bat emanda, egiten dut». Gonzalezek jateko zer edo zer ematea nahiago du, diruaren ordez. «Kale egoera bizi duten pertsonetako batzuk edan edota drogatu egiten direla lo egin ahal izateko, eta beldurra uxatzeko azaldu digute», dio Sanchezek: «Duela hilabete batzuk neska batzuk ikusi nituen; kalean bizi ziren eta edaten ari ziren. Azkar epaitu nituen, azkarregi. Pentsatu nuen, ‘edaten ari dira diru hori jateko gastatzea dutenean’; orain ulertu dut askok beldurragatik egiten dutela, lo egin ahal izateko».
Eskolako eguneroko teoriatik praktikarako jauzia, errealitatetik edateko aukera ematea, positibotzat jo dute laurek. «Burua zabaltzen laguntzen dute halako esperientziek, indartzeko, eta ikasteko egunerokoan gertatzen direnen gainean», Gonzalezen ustez. Harago jo du Murillok: «Kontzientziatzeko ezinbestekoa da, kalean bizi denaren errealitatea beste perspektiba batetik ikusten lagundu digu».
Etorkizunari begira
Diseinu grafiko gradua egin nahi du Murillok institutua amaitutakoan. «Diseinua eta artea landu nahi ditut, zoratzen nau marrazteak, koadroak ere saltzen ditut, pintura eta diseinua asko gustatzen zaizkit», dio. Erizaintza ikasi nahi du eta osasun emergentzietako gradua Festusek, baita osasun administrazio gradua ere. Gonzalezek, berriz, haurrekin egin nahi du lan, haurtzaindegian, «bizipoza dira eta gustura sentitzen naiz, beti aritu naiz haurrak zaintzen». Ingeles titulua atera nahi du Sanchezek, latineko eta gaztelerako gradu bikoitza ikasi, eta filosofian graduondoa egin eskolak emateko DBHn.
Ikasten dutena ikasten dutela, aurten Koldo Mitxelena Institutuko ikasle gisa eta Emausen eskutik bizitzeko izan duten esperientziak arrastoa utziko dien zalantzarik ez da; bestearen lekuan jartzeko hautua, halere, beraiek egin dute, etorkizuna direla jabetuta baitaude. Pertsonekin pentsatzera deitu dute, eta begiek ikusten duten horretatik harago begiratzera estereotipoetan erori gabe: «Pertsona baten atzean, bere bizitzaren atzean zer dagoen ikusi behar dugu, ikusten dugun horien guztien atzean, historia bat dago, eta edozeini toka dakioke muturreko egoera honetara heltzea».
Goikoetxeak adi entzun ditu ikasleak, haien hausnarketak, errespetuz eta miresmenez jarraitu ditu. Edozeini tokatzea dagoela halako egoera bat esan du hark ere, «are gehiago, krisi testuinguru honetan». Baina ezberdintasun handia dagoela, eta hori nabarmendu beharra dagoela esan du irakasleak: «Denok ez gara puntu beretik abiatzen. Estatistikek esaten digutena da, kalean bizi den jendearen kopuru oso handi batek beren bizitzan zehar egoera traumatikoak bizi izan dituela, zazpi edo zortzi egoera dituzte erabateko arrasto sakona utzi dizkietenak».
Justizia soziala
Egoerak hobera egin beharrean okerrera egin du Goikoetxearen ustez. «Bazterketa egoera bizi eta hemen izan ditugun gazteak, okupa mugimendua gustuko zuen gazte bat, familia egoera muturrekoagatik kalean bizi ziren bi neska, eta Marokotik ihesi autobus baten azpian etorri zen mutila izan dira. Azken hori beste pertsonez mintzatu da, adibidez, Alepotik bonbardaketa baten ostean atera zuten gazte batez. Horiek dira ezagutu behar ditugun egoerak, zein den mundu zati handi baten egoera; berehala aldatu behar dugu, eta etorkizuna zuek zarete, gazteak».
Karitatea eta solidaritatea alde batera uztera deitu du Goikoetxeak, eta justizia soziala aldarrikatu du: «Ezinbestekoa da justizia sozialaz hitz egiten hastea. Belaunaldi gazteak dira aldaketa horren lekukoa hartu behar dutenak».