«Sentitzen dut berez ateratzen zaidala, sortzeko beharra dudala»
Askoren begietan susmagaitza denari forma eta kolorea ematen dio. Jaiotzetik behar du sanjuandarrak sortzea. Bere eskuz eho du Maridomingi artisau marka, baita egun den emakumea ere.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2020/12/izaro.jpg)
Ilustratzailea, diseinatzaile grafikoa, dantzaria, artisaua, irudigilea, irakaslea… Izaro asko bizi dira Izaro Mariezkurrenarengan (Pasai Donibane, 1985), baina bada horiek guztiek partekatzen duten zerbait: alaitasuna eta, batez ere, bere burua deskubritzeko unean dagoen emakumearen bizipoza.
Gauza txikien ezkutuko enkantuarekin gozatzen dakien horietakoa da Mariezkurrena: egunsentiari argazkia egiteko goiz jaikitzea, gosari goxo bat… Eta une horiek barnebildu eta ukigarri bihurtzeko duen sortzetiko beharra bilakatu du bizibide.
Bakoitzaren bihotzerako giltza norberak barnean daramala sinesten du, eta bere atea une batez zabaldu die Hitzako harpidedunei eta Hitzakideei, datorren urteko egutegiaren irudia sortuz [alboko orrialdean ikus daiteke ilustrazioa]. Urtarriletik martxora, gainera, sormen ikastaro bat eskainiko du Pasaiako Jabetze Eskolaren barruan.
Haren eskuz ontzen duenak bide luzea du atzetik. Zorioneko «kasualitateez», buruhaustez nahiz bidaide leialez mintzatu da, hilabete gogorreko gaitzaz ere bai, eta haren egunak hitzik gabeko maitasunez josten dituen lau hankako adiskide minaz.
Nondik datorkizu sortzeko beharra?
Ama ikusi dut beti hor zebilela, koadro handiak egiten, eta… Ez pentsa horretara dedikatu denik ere! Bai eman zizkiela bere garaian haurrei klaseak, baina askoz gehiago ere ez. Eta hori eduki dut erreferentzia.
Uste dut eduki dudala, nahigabe bada ere, bere eragina, baina, ez dakit, nik sentitzen dut bakarrik ateratzen zaidala, sortzeko beharra dudala, berez, eta ez hura ikusteagatik.
Txikitatik izan zara artista samar, orduan.
Txikitan, margotu baino, eskulanak egiten nituen. Marrazteko beti amari eskatzen nion laguntza; helduago izan nintzenean, banekienean benetan zer egin nahi nuen, batxilergoan bihurtu nintzen, batez ere, kontziente.
Gero zein bide hartuko nuen ez nekien ziur, baina bide artistikoa egin nahi nuen zalantzarik gabe, eta Donostian egin nuen orduan batxilergoa.
«Ez da gaitzik onik ez dakarrenik; eta hortik hasi nintzen pixka bat nire bidea egiten»
Ikasketak amaituta zer nolako lanak egin izan dituzu?
Batxilergoa ondoren goi mailako ikasketak egin nituen, Donostian ere, Diseinua eta Ilustrazioa. Hori bukatuta, praktikak egin ondoren, dendaren batean saltzaile ibili naiz, haurrak zaintzen, tele-komunikatzaile bezala ere [barre egin du], pixka bat denetarik…
Argazkilaritza denda batean ere egin nuen lan, eta hortik lagun batek esan zidan: ‘Aizu! Nire estudioan pertsona bat behar dugu’; eta orduan hasi nintzen diseinu grafikoko estudio batean lanean, bost urtez.
Denbora hori pasata, krisialdia hasi zenean, esan zidaten: ‘Izaro, gutako bat bota behar dugu, eta zu azkena zarenez, bada etxera’ [barreak]. Handik bota ninduten, baina nik beti diodan bezala, ez da gaitzik onik ez dakarrenik, eta hortik hasi nintzen pixka bat nire bidea egiten, orain dela hamar urte inguru, gutxiago agian.
Zure baitan hasi zinen lanean. Zein erronka berri ekarri dizkizu hautu hark?
Hoberena da ordutegi aldetik molda zaitezkeela, zure beharren arabera, eta hori ona eta txarra izan daiteke. Oraintxe bertan, adibidez, astelehenetik igandera ari naiz lanean; ez daukat ordutegirik jaikitzeko, ez ezer, baina beno…
Horrez gain, sakrifizio asko, buruhausteak, zuk zeuk erabaki behar baituzu dena, agiri kontuak… Ikusten denaren atzean lan asko dago: administrazio kontuak, erabakiak hartzekoa, lana zuk zeuk bilatzea… Gauza asko daude batzuetan malda gora egiten direnak, baina konpentsatzen dit. Ez daukana da ohiko lanaldi bat, 18:00etan bulegotik atera eta ahazten duzula lana, hemen konstantea da.
Azkenean, modu batean, egunerokotasun horretan moldatzen eta erabakitzen ikastea da. Ekonomikoki ere gastu handiak daude, ez dakizu gauzei zein prezio jarri… Gainera, mundu honetan, ez dago hitzartutako prezio bat ere, orduan nire kabuz gauza asko ikasi behar izan ditut, fakturak egiten, adibidez; gauza sinpleak dirudite, baina azkenean asko dira.
«Zein bide hartuko nuen ez nekien, baina bide artistikoa egin nahi nuen»
COVID-19ak nola eragin dio zure lan jardunari?
Nire kasua berezia izan da, gaixotasun batekin harrapatu ninduelako, tuberkulosiarekin egon bainaiz eta urtebete egon naiz gaixorik, hiru hilabetez ospitalean… Harrapatu nau justu hortxe, bajan.
Hortik aurrera, lan aldetik, ikastolan ibiltzen naizenez eguerdietako ekintzetan, eta horiek orain ez daudenez, lanik gabe gelditu naiz. Beraz, egin behar dudana da egoera berrira moldatu eta sormena inoiz baino gehiago erabili gauza berriak sortzeko, proiektu berriak aurrera eramateko.
Sakrifizioez mintzatu zara, baina aipatu duzu konpentsatzen dizula. Nola?
Konpentsatzen dit gustuko dudalako, gozatzen dut egiten dudanarekin, eta gainera ikusten dut jendeari ere gustatzen zaiola, eta hori izugarrizko asebetetzea da; besteek gustuko dutela ikustea, horrek ematen dizun poza handia da.
Esan izan duzu 2012an «kasualitatez» sortu zenuela zure artisau marka, Maridomingi.
Dena aldi berean izan zen, enpresatik bota nindutenean, nahigabean, lagun batek esan zidan: ‘Izaro, etor zaitez San Pedrora, kakorratz lanketa ikastaro bat egiten hasiko garela!’, eta hantxe joan nintzen. Kakorratz lana ikasten hasi eta hilabete batzuetara joskintza ikastaro batera joan, eta horrela hasi nintzen. Hasieran, niretzako gauzak egiten.
San Tomas azoka etorri zen eta lagun batek esan zidan: ‘Tira, Izaro, animatu eta jarri postutxo bat!’, eta animatu nintzen… [barre egin du]. Ikusi nuen jendeari gustatzen zitzaizkiola egiten nituen lanak, eta pixka bat saltseatzen bata eta bestea egiten, sare sozialetan hasi nintzen partekatzen, eta egunera arte.
Ez da planifikazio bat egon, gauzak gertatzen joan dira.
Zure lan alorra zein den galdetuta, zer esan ohi duzu?
Bada, kostatu zait erantzun egokia bilatzea! Orain arte pentsatzen nuen: jo, hau guztia esango dut? [barreak]. Eta orain apur bat laburbildu dut. Esango nuke irudigilea eta artisaua naizela.
«Buruhausteak izan ditut, zuk zeuk erabaki behar baituzu dena»
Baduzu planik epe laburrean?
Baditut, bai, planak. Alde batetik, irudigile bezala gustatuko litzaidake gehiago sakondu eta horren inguruko lan gehiago bilatzea. Webgune bat egingo dut urtarrilean, ilustratzaile, diseinatzaile eta argazkilari bezala. Gero, tatuaje ikastaro batzuk egin ditut, eta urtarriletik aurrera hasi nahi dut tatuatzen.
Maridomingi markaren harira, uste dut jarraituko dudala orain arte bezala; urtean bi bilduma egiten ditut, bata maiatza-ekaina bitarte, udakoa; eta gero negukoa, beti ateratzen dut Gabonak baino lehen.
Baditut proiektuak ere, beste artisau batekin elkarlanen bat. Nire ahizparekin [Ainhoa] ere badut ideiarik, bera idazlea da eta badugu album ilustratu edo istoriotxoak kontatzen dituen liburu bat auto-editatzeko asmoa, bat edo batzuk [barreak]. Eta gero, sorginen munduarekin, pertsonaiak sortu, istoriotxoak atera, artisau erara agian panpina batzuk ere egin…
Curriculuma alde batera utzita: nor da Izaro?
Pertsona alai bat, oraintxe bertan autoezagutza prozesu batean murgilduta dagoena guztiz, eta bizitza gozatzeko gogoarekin, oso gaizki pasa ondoren.
Dantza oso gustuko dut, eta musika ere bai. Animaliak ere maite ditut, batez ere nirekin bizitza konpartitzen duen txakurra, Xera.
Egunsentiari argazkiak egiteko goiz jaiki eta gosari goxo bat, hori da nire planik gustukoenetako bat.
«Norberaren bihotzeko giltza bakoitzak dauka»
Nola azalduko zenioke Hitza-ren 2021eko egutegiko ilustrazioa ikusi ezin duenari, zer dagoen bertan?
Garrantzia emango nioke aldrebesari, hau da, zerua dago lurrean eta itsasoa zeruan. Alderantziz dago mundua garai honetan, hori irudikatu nahi dut. Biak [zerua eta lurra] elkartzen dira ur jauzi baten bidez, eta horren amaieran eskaileratxo batzuk daude, emakume baten bihotzeraino heltzen direnak.
Bihotzera heltzean ikusten da, grixka den inguru guzti horretan badagoela argi apur bat sartzen, eta sarrailaren atzealdean, esanahiari kasu eginda, ikusten da bihotzean daukagula giltza, sentimenduetan. Emozio eta sentimenduak direla mugiarazten gaituztenak, eta bere atzealdean horregatik ateratzen da halako eztanda koloretsu bat.
Nolakoa izan zen irudia egiteko prozesua?
Irudi bat sortu baino lehen buelta pila bat ematen dizkiot gaiari marrazten hasi eta arkatza hartu aurretik; hasten naiz pentsatzen, zein kontzeptu landu nahi dudan bilatzen. Garai arraro hauetan motorra bizitza da, hori non dagoen, pertsonak zeinen garrantzitsuak garen, emozioak… Hori da mugitzen gaituena, ez pandemia, ezta dirua ere.
Aipatu zidaten ur berriak ere hartzeko gai bezala, eta hortik, gutxinaka hasi nintzen pentsatzen. Ur berri hauek non dakarte aldaketa? Emozioetan. Ez dakit, hala hasi nintzen [barreak].
Atzetik plangintza luzea dauka sormen lan batek.
Guztiz. Plangintza horri eskaintzen diot, azken batean, denbora gehien. Marraztea, ideia izanda, errazagoa da. Kasu honetan bai, arkatza hartu eta di-da izan zen, a toda letxe egin nuen. Gehiena kostatu zitzaidana kontzeptu bat hartzea izan zen, ideiari forma ematea. Hori koloretan jartzea, marraztea, errazagoa izan zen, azkenean hori baita dominatzen dudana.
Zer esan nahi dute bihotzeko sarrailara arte heltzen diren eskailerek?
Bide bat nahi dute irudikatu, bakoitzaren barruan, bihotzean, barruan dauden emozioetara arte dagoen bidea.
Hor sarraila dago, baina ez giltza. Non dago hori?
Bakoitzaren bihotzeko giltza, norberak daukala uste dut. Nik uste bakoitzaren barruan dagoela.