'Etxerik txikiena' antzezlanak gerrako iheslarien gainean jarriko du fokua
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak emanaldia antolatu du datorren iganderako. Sarrerak Urratsen eros daitezke. Txinalkaren emanaldia, bertan behera.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak saio bikoitza antolatu du datorren iganderako —hilak 20—. Bost urtetik gorako haurrei zuzendutako Etxerik txikiena antzezlana taularatuko du Yarleku talde nafarrak.
Bi saio egingo dituzte. Lehenengoa 16:30ean hasiko da, eta bigarrena 18:00etan. Sarrera bakoitzak bost euroko prezioa izango du, eta Urrats paper dendan daude salgai.
Etxerik txikiena obra Maialen Diaz Urrizak idatzi du. Donostia Hiria Saria irabazi du Diaz Urrizak. Obraren protagonista nagusiak Bettina eta Norma dira; gerraren zarata eta bonbetatik ihes egiten dute. Adiskide bilakatzen dira, eta harremanak zailtasunei aurre egiten laguntzen die.
Txinalkarena, bertan behera
Txinalka antzerki taldea larunbatean saioa ematekoa zen. Eusko Jaurlaritzaren Covid-19aren gaineko dekretuak ez ditu baimentzen talde amateurren emanaldiak. Momentuz atzeratu egin behar izan dute.