'Bateragune auziko' bostak berriz ere epaituko dituztelako, elkarretaratzea bihar Lezon
Herriko hainbat eragilek deitutako elkarretaratzea egingo dute eguerdian Gurutze Santuaren plazan. Lezoarrak bertaratzera deitu dituzte.
Bateragune auzia-ren barruan epaitu zituzten bostak, berriz ere epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Sonia Jacinto oreretarra, Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez daude auzi horren barruan. Horren harira, herrietan elkarretaratzeak eta protesta ekitaldiak antolatzen dituzte.
Lezon ere egingo dute. Bihar (larunbata) da, 12:00etan Gurutze Santuaren plazan. Elkarretaratzea egingo dute Lezoko Emakume Taldeak, Gure Eskuk, LABek, Sarek eta EH Bilduk deituta. Herritarrei bertaratzeko eskatu diete.