[Erreportajea] Herriko gazteen hitza jolasgune bilakatuz
Adingabeek zer nolako herria nahi duten argi dutela frogatu dute. Herrigintzari dagokionez asko dute esateko, baita euren eskuz egiteko ere. Donibanen jolasgune bat eraiki dute, eta San Pedron bidean dira.
Inork zer esanik baldin badauka gure herrien etorkizunean, horiek dira etorkizuna bera sortuko dutenak: herriko haur eta nerabeak.
Eskubidean planak ahotsa eman die Pasaiako haur eta gazteei, horretarako sortutako parte-hartze sistemaren bitartez. Egitasmo horrek herriko gazteenen parte-hartze organoa du bere baitan, eta horren bitartez, kolektiboaren itxarokizunak eta beharrak asetzeko asmoa du.
Donibane eta San Pedroko gazteek pozik bezain serio hartu zuten elkarlanean aritzeko proposamena, barruti bakoitzean euren irudimenetik abiatutako jolasgune bana sortzeari ekinez.
Donibaneko basoa
Donibaneko parkea eraberritzeko parte-hartze prozesua 2019ko azaroan abiatu zuten, Haur eta Nerabeen Eskubideen Sailak bultzatuta. Adingabeen interesetik abiatu zen JJ Otaegi plazaren eta frontoiaren arteko lurrean Baso berria sortzeko ideia.
Protagonisten irudimenari bide ematen dion jolas eredu berria sustatzeko helburuarekin eraiki den parkea orain artean inguruan daudenetatik oso bestelakoa da.
Elementu naturalak jarri dituzte haurrek erdigunean (enborrak, harriak, harea, belarra…) eta egurrez egindako egiturei garrantzi berezia eman diete, eremuan baso bat sortuz.
Etxola, indioen tipia, lurpeko tunela, hari eskailerak, skate parkea eta txirrista bezalako jolas elementuek osatzen dute orain Donibaneko Baso berria.
San Pedro, koloretan
Sanpedrotarrek joan den astean aurkeztu zieten bizilagunei jolasgunearen sortze prozesuan orain arte egindako bidea: «Plaza denona denez, zuen iritzia eta adostasuna nahi dugulako».
Espazio berria sortzeko aukera aurkeztu zietenean, denborarik ez zuten galdu, berehala hasi ziren buruan zutena maketa eta marrazkietan islatzen, eta bildutako elementuen artean aukeraketa bozka bidez egin zuten.
COVID-19ak ia eten zituen euren sorkuntza planak, izan ere, egitasmoa kolokan egon zen, inork ezin zuelako ziurtatu jarraipena emateko aukerarik izango zen. Dena den, gaztetxoek ez zuten amore eman eta, oztopo guztien gainetik, datorren astean ekingo diote lehen faseari: parkeko paretak margotzea.
Eguraldiak laguntzen badu, hilaren 23an hartuko dituzte parte-hartzaileek espraiak eskutan, Nexgraff sanpedrotar aita-semeen laguntzaz.
Aurreikuspenen arabera, Aste Santurako, ping-ponga, txirrista handia eta parkour egiteko elementuak izango ditu San Pedroko frontoiko jolasgune berriak, besteak beste.
«Azkenean herria egiten da zuk nahi duzun bezala, eta hori polita da»
Nolakoa da Basoa parkea?
Badago txabola bat eta txirrista bat, eta guk adibidez erabaki duguna izan da txirrista egitea. Gero bada gune bat hondarrarekin, egin genuen txabola bat egurrekin, eta frontoian egin genituen ping-pongeko mahai bat eta skate parke bat.
Nolakoa izan zen prozesua?
Esan ziguten arratsalde batean bilera bat egiteko, eta hor jendea joan zen ideiak botatzen, zer egin nahi zuten esaten. Boluntarioak izan ginen erabaki horretan, hamabost bat edo.
Nola erabaki zenuten zer egin?
Bileran hasi ginen ideiak botatzen, batek esaten zuen nik nahi dut skate park bat, nik nahi dut txirrista bat, nik ping-ponga…
Gero bozkatu genuen zer nahi genuen jarri, denok.
Joaten zarete parkera?
Asteburuetan ni ez naiz asko egoten, baina astean zehar bai egoten gara, eta pixka bat grazia ematen du, erortzen garelako… [barreak]. Bestela frontoian ere egoten gara, baina normalean bi lekuetan.
Disfrutatu duzu?
Nik uste dut asmatu dutela, uste dut jendea gustura dagoela, ez dakit… Nik animatuko nuke jendea, azkenean herria egiten da zuk nahi duzun bezala, eta hori polita da.
Gainera, gero, ikusten duzu zuk erabaki duzun gauza bat agian ez dela atera, baina segur aski beste zerbait aterako da zuk esaten duzun horretatik.
Aldapan gora autobusean pasa eta txikiak jolasten ikustea polita da, nik uste dut nahiko gustura egoten direla.
«Guk ere eduki behar dugu hitza, gure gustuko parke bat egiteko»
Oraindik lanean ari zarete San Pedron. Zein da hurrengo pausoa?
Pareta margotu behar dugu; bi egun jarri dituzte gelditzeko Nexgraffekoekin, eta beraiek esplikatuko digute nola margotu, zein metodo erabili. Gelditu gara denak, datorren astean margotzen hasteko.
Zer margotuko duzue?
Esan zuten bakoitzak nahi duena margotzeko, bakoitzak nahi duen metodoarekin… Libre.
Parkearen maketak sortu zenituzten ideiak ilustratzeko.
Bai, batzuk taldeka, beste batzuk banaka… Bakoitzak nahi zituen ideiak jartzen zituen maketan, parkean jarri nahi zuenarekin. Maketa pila bat sortu ziren, mota askotakoak, txirristak, ping-pong mahaiak, eta gauza piloa…
Gero herritarrek bozkatu zuten gehien gustuko zutena, ez?
Bai, atera genituen maketa guztiak kanpora, eta banatu ziren gometsak, bakoitzari hiru, eta gehien gustatzen zitzaizunean jartzen zenuen gometsa. Gehien zituenak irabazten zuen.
Erabakitakoekin pozik zaude?
Bai [barreak], eztabaida pixka bat egon zen, adibidez guk nahi genuen ateratzea parkour parkea aurrera, orduan esan genion gustuko zuen jendeari bozkatzera etortzeko eta orduan boto pila bat lortu zituen ideiak!
Zein izan da prozesuaren alderik onena?
Azkenean, gehienetan udalak aukeratzen du nolako parkeak egin, eta, nire ustez, guk ere hitza eduki behar dugu gure gustuko parke bat egiteko, edo gustuko toki bat egiteko gure herrian.