Lantokira Bizikletaz egitasmoa gorpuzten ari da
Lehen fasean langileen eta enpresen iritziak bilduko dituzte. Bigarrenean enpresa batean esperientzia pilotua abiatuko dute.
Lantokira Bizikletaz egitasmoa gorpuzten ari da. Oarsoaldeko langileak, lantegietara ahal dela bizikletaz joateko egitasmoa da, mugikortasun iraunkor, osasungarri eta segurua sortzeko bidean. Oarsoaldean, Gipuzkoa mailako esperientzia pilotua abiatu dute. Gurpilartea elkartearen eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren arteko elkarlanean dago oinarrituta egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatu Rafaela Romeroren arabera, mugikortasun iraunkorraren oinarriak finkatzeko, “garraio publikoa eta bizikleta funtsezko oinarri” dira.
Egitasmoa bi fasetan banatu dute. Lehenik, iritziak bildu nahi dituzte. Langileenak batetik: lanpostura bizikletaz joateko aukeren gaineko haien iritzia jakin nahi dute, baita eskualdetik bi gurpileko gailuan mugitzeko aukeren gainean ere. Gainera, enpresek langileei lantegira bizikletaz joateko ematen dizkieten erraztasunak bildu nahi dituzte. Horik jasotzeko, inkesta betetzea besterik ez dago. Hemen horren lotura.
Enpresen iritzia ere jaso nahi dute. Langileak lanera joateko aukeren gaineko galdetegia prestatu dute horretarako. Hemen klik eginda enpresen galdetegira joateko aukera dago. Oarsoaldeko Garapen Agentziatik esan dute 25-30 enpresaren parte hartzea espero dutela.
Inkestekin lortutako informazioa xehetu, eta eskualdeko beste hainbat daturekin batera, lanpostuetara bizikletaz joateko aukerak aztertu eta baloratuko dituzte.
Esperientzia pilotua
Mugikortasun ohituren azterketa egiten denean, enpresa bat aukeratuko dute eta egitasmo pilotu gisa bertako langileei baliabideak ezarriko zaizkie bizikletan lanera joan ahal izateko. Egitasmoaren bigarren fasea da hori. Baliabideen artean daude: bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika ikastaroak, aldagelak, arropa lehortzeko lekua, bizikletak uzteko leku seguruak, besteak beste.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak adierazi duenez, fase horretan Don Boscoko ikasleek bizikleten aparkalekuen diseinua eta eraikuntza prozesua egingo ditu.
Edozein zalantza argitzeko, Gurpilartearen posta elektronikora idatzi behar da.