[Elkarrizketa] «Jendearen sentsibilizazioa ezinbestekoa da aurrera egin ahal izateko»
Errenteria-Orereta Oarsoaldeko udalerri handiena izatea lagungarri dela onartu du Errenkoaldeko buruak, horrek inguruko bezeroak ekartzen dituelako, baina merkataritzaren egoera dela-eta kezkatuta dago.
Nola dago egun Errenteria-Oreretako komertzioaren egoera? Ba al dakizue ea pandemiaren kontuagatik komertzioak itxi al diren herrian, egoerari aurre egin ezin zutelakoan?
Elikadurara dedikatzen diren merkatariak ez dira hain kaltetuak atera, lehentasunezko zerbitzua direnez lokalak irekita izan dituztelako pandemia osoan. Badira beste sektore batzuk ere nahiko ondo mantendu direnak, etxerako tresnak saltzen dituztenak, esaterako.
Baina arropa dendek, adibidez, beherakada handia sumatu dute. Egoera oso ezberdina da gremioaren arabera. Jakin badakigu Errenterian hainbat negozio itxi dituztela. Elkarte moduan gure bazkideen egoeraren jakinaren gainean gaude soilik, baina horrek ez du zertan esan nahi gehiago itxi ez direnik.
Errenteria-Orereta Oarsoaldeko lehen herria izan zen COVID-19ari aurre egiteko diru laguntzak publiko egiten. Nola baloratzen dituzue?
Errenteriako Udalak publiko egin zituen diru laguntzak goiz atera ziren, eta aitortu beharra dago ere berehala kobratu zirela. Gure aldetik balorazio oso positiboa egiten dugu.
Itxialditik ateratzen ari ginen, negozio asko bi hilabetez itxita egon ondoren, eta askorentzako lasaitasuna ekarri zuten diru laguntza horiek. Nahikoak al diren? Udaletik eta Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntzak agian batzuentzat nahikoak izan dira, berehala bueltatu zirelako lanera. Baina beste negozio batzuei gehiago kostatu zaie martxan jartzea, eta agian beraientzat ez dira nahikoak izan.
Bestetik, udalak bonuak banatu ditu herritarren artean herrian erosketak egin ahal izateko. Baliagarria al da bonuena bezalako iniziatiba bat merkataritzari bultzada emateko?
Bonuak pizgarri handia izan dira, eta asko nabaritu da. Udan atera zuten bonuen lehenengo sorta eta oso ondo funtzionatu zuen. Orain beste bigarren txanda bat atera dute, eta espero dugu aurrekoan bezala tokian tokiko salmenta bultzatzeko baliagarriak izatea. Udalarekin elkarlanean gaude, eta badakigu euren aurrekontua mugatua dela, eta beti beraien esku dagoen guztia egiteko asmoa dutela. Alde horretatik egiten ari diren ahalegina handia dela nabarmentzekoa da.
Errenteria-Orereta Oarsoaldeko herri handiena izanik, eta komertzioaren sektorea hain zabala izanik, herritik kanpoko jendea dator bertara erosketak egitera?
Bai, hala da. Errenterian dagoen eskaintza handiagoa da, eta horrek gure inguruan bizi diren beste udalerrietako bezeroak erakartzen ditu.
Zoritxarrez, udalerritik ez ateratzeko debekuarekin bezero hori galtzen da, baina berehala berreskuratzen da debekua altxatzen denean. Hori bai, pandemia dela- eta asko nabaritu dugu Errenteriako bizilagun gehiago gerturatu direla gure lokaletara erosketak egitera. Herrian jende asko bizi da, eta lehen ez ziren gugana gerturatzen horietako asko. Joera hori aldatu egin dela esan genezake.
Nola aurreikusten duzue izango dela aurtengo Gabonetako kanpaina?
Momentuko araudiaren arabera joango da. Hau funtsezkoa izango da salmenten eta bezeroen kopurua aurreikusterako garaian. Ez dakigu ea ekitaldirik egongo diren Gabonetan.
Gisa horretako jarduerak egitea debekatzen bada, jendea gutxiago aterako da bere etxeetatik, eta ondorio bezala kontsumoa baxuagoa izango da. Jendearen sentsibilizazioa, adibidez, oso lagungarria izaten ari da azken asteetan, kontuan hartzen gaituztelako erosketak egiterako garaian, eta horrek bultzada handia suposatzen du herriko establezimenduentzat.