Euskararen Paparazziek jaso dute saria
Lehen saria Oiartzunera joan da, eta bigarrena Lezora. Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera eta paisaia indartzeko lehiaketa izan da.
Euskararen Paparazziak argazki lehiaketak baditu saridunak. Oarsoaldeko herrietako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera eta paisaia indartzea izan du helburu Orsoaldeko Euskara Batzordeak hirugarrenez antolatu duen lehiaketak, Prezio berean, euskaraz! egitasmoaren barruan. Aurten, 30 lehiakide aurkeztu dira.
Irabazi duen argazkia Irati Odriozola eta Alazne Etxeberria oiartzuarrek ateratakoa izan da. Agirrezabala botikari ateratako argazkiarekin izan dira garaile. Epaimahaiak argazkiaren ezaugarri teknikoak nabarmendu ditu, konposaketa osoa eta egungo egoerari egiten dion keinu ia oharkabekoa.
Bigarren saria, berriz, Lezora joan da. Naiara Sanchezek Kimaya estetika zentroari ateratako argazkiarekin jaso du saria. Argazkiaren lerro bertikalak eta islarik eza nabarmendu ditu epaimahaiak.
Irabazleek, gaurtik 2021eko urtarrilaren 30era bitartean Oarsoaldeko saltokietan gastatzeko 400 euroko txartela jaso dute. Bigarren sariaren jabeak, berriz, 200 eurokoa. Argazkiak ikusteko aukera Oarsoarrak-en webgunean dago.