«Nola egin diezaioke aurre familia batek bizitzari, diru sarrerarik ez badu?»
Merkatarien elkarte berria sortu dute Lezon, Lezokoak. Mitxeo, herriko egoeraren balorazio bat egitera animatu den horietakoa da, baina beti beste kideen iritziak jasota.

Zer nolako egoera bizi du gaur egun Lezoko merkataritzak? Komertzio asko itxi al dira pandemia dela eta?
Egun bizitzen ari garen egoera kritikoa da. Martxotik zorrak besterik ez gabiltza pilatzen, eta maiatzean sasi normaltasun bati hasiera eman bazitzaion ere, gastu izugarriak gelditu dira zintzilik. Gure diru sarrerak oso kaltetuak geratu dira, batetik ezarritako neurriengatik, eta bestetik beldurrengatik.
Gainera, Lezoko ostalaritzaren sektore guztia itxita egonda, kalean oso bizitza gutxi dago, eta horrek ematen duen irudia ikaragarria da. Egoera oso konplikatua da, eta merkatari askok larrialdietarako gordeta zuten dirua gastatu behar izan dute dagoeneko. Hala ere, oso eskertuak gaude herriko jendearekin ,hasieratik oso gertuko sentitu ditugulako, horrek guretzat suposatzen duen guztiarekin.
Lezoko Udalak diru laguntzarik eskaini al du tokian tokiko merkatariek COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko? Nahikoak izan al dira zuen ustez laguntza horiek?
Martxoan pairatutako galerei aurre egiteko diru laguntzak urrian jaso ditugu. 1.500 euro izan dira, eta oso eskertuak gaude, baina argi dago ez dela nahikoa.
Hilabetero gastu fijo batzuk ditugu, jaso ditugun laguntzak soberan gainditzen dituztenak. Negozio ugari familiarrak dira. Nola egin diezaioke aurre familia batek bizitzari diru sarrerarik ez badute? Arazoa gastuak dira, gure negozioa itxita eduki arren gastu horiek ordaintzen jarraitu behar dugulako. Gainera, emandako diru-laguntzak hemorragia geldiarazteko tirita hutsa dira. Erreskate plan bat da benetan beharrezkoa da, batez ere ostalaritza sektorean.
Lezoarrek erosketak herrian bertan egiten al dituzte, edo ohitura dute ondoko herri handira, Errenteria-Oreretara gerturatzeko?
Aitortu beharra dago Errenteria oso gertu dagoela, eta alde horretatik bere eskaintza oso handia eta anitza da. Horrek egiten du pertsona batzuk bertara joatea erosketak egitera, hori horrela da. Zorionez ez dira denak, eta badira Lezon bertan erosketak egiten dituzten lezoar asko.
Guk gure zergak gure diru sarrerekin ordaintzen ditugu. Diru sarrerak baditugu, zergak ordaintzen ditugu kaleak garbi egoteko, zerbitzu publikoak egoteko… Honek zer esan nahi du? Herriko jendeak herrian bertan inbertitzen badu herrian geratuko dira onura horiek guztiak.
Horrek herriko bizitza bultzatuko du, eta askoz errazagoa da ondoko dendan erostea herritik umeekin paseatzera atera bazara, edo zure lagunekin zerbait edateko gelditu bazara.
Zer egin beharko zen Lezon tokian tokiko erosketak bultzatzeko? Zer nolako iniziatibak pentsatu dituzue Gabonetako kanpainari begira?
Lezokoak izena duen elkartea aurten sortu dugu, herriko komertzioa biltzen duena: ostalaritza, dendak, zerbitzuak eta bestelakoak. Gabonei begira eta herriko komertzioa bultzatzeko asmoarekin, papeleta batzuk sortu ditugu herritarrek zozketa batean parte hartu ahal izateko. Elkartea osatzen dugunon artean osatutako saski erraldoi bat zozkatuko dugu.
Egia da hasi berriak garela, eta pandemiak ez duela batere laguntzen iniziatibak eta jarduerak antolatzeko garaian. Baina baditugu ideia batzuk buruan, esaterako, gure produktuekin merkatu txikiak antolatzea, dendak kalera ateratzea, pintxoen ibilbide bat martxan jartzea, umeekin jolasak egitea…
Hori bai, babes handiagoa eskatzen diogu Lezoko Udalari, horrela denok batera herriari bizia eman ahal izateko.