San Pedroko frontoiaren atzealdeak estalkia izango du datorren urtean
Udalak iragarri du herriko frontoiaren atzealdean dagoen zonaldea estaltzeko lanak, Proisa eraikina zegoen lekua, hain zuzen, 2021. urtean amaituko direla.
San Pedroko frontoiaren atzealdeak, Proisa eraikina zegoen lursailak, hain zuzen, 2021ean izango du estalkia. Pasaiako Udalak 12.500 euro inguruko aurrekontua duen proiektua kontratatu du, zeina hurrengo urteko lehen hiruhilekoan amaituta egongo den. Lanak, beraz, 2021. urtean amaituko direla aurreikusi dute.
Udaleko hirigintza zinegotzi eta San Pedroko alkateorde den Nahikari Oterminek adierazi du eraikuntza berriak ez diela soilik haurrei mesede egingo, jolasleku bat izan dezaten, helduentzat ere onuragarri izango baita: “Beti sumatu dela estalitako eremu baten falta, herri bazkariak eta bestelako ekitaldiak ospatu ahal izateko euria ari duenean nahiz eguzkiak gogor jotzen duenean”.