"Amazonek komertzio txikiak lurperatzen ditu"
Andoni Lizarraldek uste du jendea kontzientziatzea dela gakoa, Amazon bezalako erraldoiek komertzio txikiak suntsi ez ditzaten. Oiartzungo tokian tokiko merkataritza bultzatzea ezinbestekotzat du.
Uste al duzue Oiartzungo komertzioaren egoera osasuntsua dela? Zein eragin izan du COVID-19ak herriko merkataritzan?
Pandemia aurretik nahiko lan egiten zela esango nuke, hori beti kontutan hartuta Oiartzun herri zaila dela merkatari txikientzako. Pandemiaren kontu honekin, zailtasun hori handitu egin da. Aitortu beharra dago krisi honek modu ezberdinean kolpatu duela merkataritza.
Adibidez, arropa dendek beherakada oso handia izan dute pandemia hasieratik, eta nire kasuan ortopedia denda bat dudala, salmenta jaitsiera ere nahiko sumatu da. Orain, jende gutxiago dator, esaterako, aulki bat erostera. Elikadura dendak kenduta, beste gremio guztietan bezeroen jaitsiera nabaritu da.
Orain dela bizpahiru aste Amazonek Oiartzunen bere zentro logistikoa ezarriko zuela iragarri zuen, Lanbarrenen zehazki. Nola baloratzen duzue merkatari txiki zareten heinean enpresa handi horren erabakia?
Amazonen lurreratzea aspaldiko arazo baten pastelean ginga ezartzea izan daitekeela uste dugu. Eragina izango du, ez soilik Oiartzunen, zonalde osoan eta Euskal Herri osoan orokorrean ere bai. Amazonek ez du hemen dirua uzten, lortzen duen etekin guztia kanpora doalako. Bestetik, prezioak lurretik botatzen ditu, eta horrek eragina izango du tokian tokiko merkataritzan, komertzio txikiak lurperatzen dituelako Amazonek.
Gu horren aurka egiten saiatuko gara, Oiartzungo Udalak ere bere bidea egingo duen bezala. Ez badugu denon artean gelditzen, lehen komertzioek zituzten arazoak areagotuko dira, eta pixkanaka tokian tokiko merkatariak ixten joango dira.
Oiartzungo Udalak jakinarazi zuen txosten juridikoak eskatu dituela, baina legez ezin duela Amazonen ezarpena oztopatu. Ados al zaudete?
Bai, guk hasierako momentutik eskatu genion Oiartzungo Udalari, mesedez, txosten juridikoak egiteko, eta hori egingo dutela iragarri dute.
Beraien alde esan beharra dago egia dela ezin dutela Amazonen lurreratze hori oztopatu, enpresak eskatutako baldintzak betetzen baditu. Amazonen erabakia ez da udalaren gustukoa, baina txostenen eta balorazioen zain gelditzen gara, gure ustez Amazonen kasuan hutsune juridiko batzuk egon daitezkeelako. Guk egin beharrekoen aldetik, badugu beste zeregin bat oso inportantea dena, jendea kontzientziatzearena hain zuzen ere.
Oiartzun Oarsoaldean geografikoki isolatuen dagoen herria da. Egoera hori lagungarri izan daiteke oiartzuarrek herrian bertan erosketak egiteko?
Alde batetik negatiboa izan daiteke. Hainbeste auzo ezberdin eta sakabanatu direnez, askotan jendeak beste leku batera joateko ohitura hartzen du. Adibidez, Gurutze auzo batetik agian zuzenean Errenteriara edo beste leku batzuetara joateko ohitura egon daiteke, batez ere erosotasun kontuengatik.
Bestetik, baditugu alderantzizko kasuak. Aitortu beharra dago ez direla gehiegi, baina egon badaude. Oiartzundik kanpoko jendea badator podologoaren zerbitzuak jasotzera edo albaitariarengana. Pertsona horiek, egin beharrekoa egin ostean, herrian kontsumitzen al dute? Bada bai, kasuak ezagutzen ditugu, baina ez dira gehiegi.
Azkenik, nola aurreikusten duzue izango dela aurtengo Gabonetako kanpaina? Zer egin daiteke Oiartzungo merkataritza sustatzeko?
Urtero hainbat iniziatiba prestatzen ditugu merkatarien elkartetik. Aurten nobedade moduan botilak banatzen gabiltza. Azken egunetan egutegiak banatu ditugu aldi berean. Honekin batera ere urtean zehar erosketak egiteko orgatxoak eta oso poltsa politak eman ditugu ere. Gabonetarako jarduera berezi bat antolatu dugu, prezio justuaren eskaparatearena hain zuzen ere.
Komertzio guztietan erosteagatik boletoak banatzen dira, txartel horietan bezeroek telefono zenbakia eta izena jartzeko, eta eskaparatea zenbatetan baloratzen duten galdetzen zaie.
Azken berritasuna Pasaiako Laurak Bat eta Errenteriako Errenkoalde merkatari elkarteekin elkarlanean antolatzen gabiltzan aldizkari txikia da, laster argitaratuko dena.