Aiton Etxeko egoiliarren senideekin bilduko da aldundia
Eguneko zentroaren zuzendariak uko egin dio Covid-19aren kontrako txertoa egoitzan jartzeari. Adinekoen "osasuna eta segurtasuna" bermatuko du aldundiak.
Aiton Etxe eguneko zentroko zentroak, zirkular baten bitartez, esan du ez duela baimenduko erabiltzaileak zentroan txertatzea. Erabaki horren berri eman zuten pasa den astean. Zentro pribatua da Altzibarkoa, baina tokien %80 aldundiarekin itunduta ditu, eta 40 erabiltzaile inguru ditu.
Letra larriz idatzitako zirkularrean, zuzendariak esaten du txertoa “esperimentazio fasean” dagoela, eta “4-10 urteko ikerketa” behar dituela. Gaineratu duenez, Pfizer-BioNTech txertoaren probak “pertsona osasuntsuekin” egin dira. Albo-ondorio larriak utz ditzakeela ere iritzi du Aiton Etxeko zuzendariak, besteak beste.
Arrisku eta etekinen balantzea eginda, zuzendariak uste du arrisku gehiago daudela. Horregatik, txertoa osasun zentroetan har dezaketela esanez bukatu du zirkularra.
Aldundiaren erantzuna
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, eguneko zentroko erabiltzaileekin elkartuko da; Osasun Saileko epidemiologia arloko ordezkariak ere bertan izango dira. Bere lehentasuna egoiliarren segurtasuna eta osasuna bermatzea dela jakinarazi du, txertoa jaso nahi dutenekin.
Gogorarazi dutenez, Osakidetzak oraindik ez du eguneko zentroetarako txertaketa egitaraurik prestatu, baina onartzen dutenean, protokoloa aktibatuko du.
Horrez gain, jakinarazi du eguneko zentroko zuzendaritzarekin harremanetan jarriko da. Bukatzeko, “erantzukizun kolektiborako” deia egin du aldundiak.
Bestalde, Petra Lekuona zaharren etxean etzi hasiko dira txertoak jartzen.