EH Bilduk pasaitarren osasunarekin jokatu izana salatu du udal gobernuak
EAJ eta PSE-EEk uste dute oposizioko taldeak "inolako lotsarik gabeko" adierazpenak egin dituela, "pasaitarren osasunarekin kritika politikoa egiteko".
Pasaiako udal gobernuak EH Bilduk Gabonetako debekuen gainean egindako adierazpenei erantzun die: Pasaiak ez du merezi prebentzioa debekuarekin nahasi eta pasaitarren osasunarekin jokatzen duen oposizioa”.
EAJ eta PSE-EEk uste dute bilkideek komunikabideetara jotzen dutela zuzenean euren kezkak plazaratzeko, udal barruan eta batzordeetan esaten ez duena adierazteko: “Badirudi ez dutela gustuko haien ideia edo planteamenduak eztabaidatzea eta nahiago dutela pulpitu mediatikotik epaia eman”.
Koalizio gobernuak argi utzi nahi izan du arduragabekeria hutsa litzakeela COVID-19aren hirugarren olatuaz hitz egiten ari direnean neurriak arintzea, eta EH Bilduren jarrera gaitzetsi dute, “herritarren osasunarekin kritika politikoa egitea beste helbururik ez dutelako”. Hainbat galdekizun jarri dituzte mahai gainean: “Zergatik saltzen du EH Bilduk debeku gisa, pribatuan prebentzio gisa defendatzen duena? Zer dela eta moral bikoitz hori? Ez al du gogoratzen EH Bilduk duela hilabete pare bat baheketak exijitzen zituela?”
Udal gobernuak herritarren eta elkarteen bizkar gobernatzen duela gezurra dela nabarmendu dute: “Aitzitik, haiekin lan egiten du, eta haiekin hartzen ditu erabakiak”.