Futbola izango da asteburuko protagonista, Pasaian
Gizonen Hirugarren Mailan dauden Antxo A.F. eta Pasaia K.E. taldeak lehian izango dira asteburu honetan. Areto futbolekoak etxean, eta hamaikakoak Durangon.
Egungo osasun eta segurtasun neurriak direla medio, Gizonen Hirugarren Maila nazionalean ari direnak -Antxo A.F. eta Pasaia K.E.- dira lehiatzeko baimena duten herriko talde bakarrak.
Areto futboleko gizonek etxean dute asteburuko hitzordua, larunbatean 18:00etan Antiguokoren kontra, Donibaneko kiroldegian. Hamaikakoek, aldiz, Durangon emango dute aurpegia larunbatean 17:00etan.
Pasaitarrak, biak ala biak, oso txukun ari dira denboraldia josten, sailkapeneko lehen postuak Pasaia K.E.-ren izena baitu, eta areto futboleko laugarrenak Ferreresen gizonena.