[Erreportajea] Motora Mugi sisteman txertatzeko bideari ekin dio udalak
Garraio zerbitzuaren gaineko ohiko deskontuak ez ezik, Pasaiako barrutiak lotzeko linea berrien sorrera ere jaso du proposamenak. Pasaiako Portu Agintaritzak dauka azken hitza.
Pasaiako Udalbatzak aho batez eman zion baiezkoa joan den urte amaieran motora zerbitzua Mugi sistemaren barne hartzearen emendakinari. Jatorrizko proposamena EH Bilduk egin zuen, eta horri erantzunez udal gobernuak aurkezturiko zuzenkizuna izan zen Pasaiako Udala osatzen duten zinegotziek, denen akordioz, onetsitakoa.
Testuaren bitartez, udalak Pasaiako Portu Agintaritzari (PPA) eskatuko dio beharrezko izapideak bidera ditzan motora Gipuzkoako Garraioen Lurralde Agintaritzaren barruan sartzea lortzeko.
Hitza-k motora kudeatzen duen enpresako zuzendaritzarekin hitz egin du; horren arabera, iniziatiba aurrerapausoa da, «pasaitarrak aspaldi egiten ari diren eskaerari erantzungo lioke». Txartelari esker, beste garraio publikoekin bezala, deskontuez gain, ibilgailu aldaketa ere konbinatu ahalko lukete bidaiariek.
Linea berriak
EH Bilduren jatorrizko proposamenak motora linea berriak sortzeko aukera ere jasotzen du, barrutien arteko bizikidetza hobetzeko; hala, egun San Pedro eta Donibane lotzen dituen ohiko zerbitzuaz gain, Antxo eta Trintxerpe ere lotzea aurreikusi dute.
Motora kudeatzen duen enpresaren zuzendaritzak zalantzak ditu balizko linea berriek izan dezaketen arrakastaz. «Ongi aztertu beharko litzateke ea etekina aterako ote zaien», diote. Edonola ere, nabarmendu du badirela aurretik egin beharreko lanak, horien artean, egun erabiltzen diren ontziralekuak zaharberritzea.