Gaztetxe bateko azken emanaldia, Gezalan
Benetan Be Teatro taldeak 'Porno Vs. Afrodita (edo I Love #gorkaurbizu)' antzezlana taularatuko du Gezalan igandean. Sarrerak badaude oraindik.
Gaztetxe baten azken orduak, bertan izango den azken emanaldia. Testuinguru horretan kokatu du Benetan Be Teatro konpainiak izenburu luze bezain erakargarria duen antzerkia: Porno Vs. Afrodita (edo I Love #gorkaurbizu). Igandean emango dute saioa Lezoko Gezala Auditoriumean, 19:30ean hasita. Gaztetxe bateko azken emanaldia du ardatz antzezlanak.
“Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla. Izango da heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta oraindik heldu ez direnei zuzendutako umorezko antzerkia. Dena, zuzeneko musikaz blai”, diote taldekideek lanaren laburpena egiterakoan.
Badaude sarrerak oraindik. Horiek eskuratzeko joan Lezoko Udalaren tiketen salmenta birtual zerbitzura. Behekoa, antzerkiaren doinu bandaren zati bat.