Batzuen zabarkeriak guztiengan eragiten duenean
Hondakin handien bilketarako zerbitzua eskaintzen du udalak, doan; hala ere, hondakin horiek lur gainean uzten dituzte gutxi batzuk hondakinen araudia urratuz.
Tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzua eskaintzen du udalak. Erraza da. Herritarrek, 943 341 345 telefono zenbakira deitu behar dute astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara eta hitzordua jarriko dute zerbitzuan ari diren langileekin. Bilketarako eguna eta ordua, zein bilketarako puntu bat zehaztuta, zerbitzu horretako langileak bertaratzen dira altzari edota tamaina handiko hondakin hori jasotzera.
Badirudi, ordea, zerbitzua eskura jartzea ez dela nahikoa hondakinen gaineko araudia errespetatzeko. Gutxi dira, baina gutxi horien zabarkeriak itsustu egiten du hondakinen bilketa egokia egiteko herritar gehienen saiakera zintzoa, eta zatar bihurtzen ditu edukiontzi inguruak.
Udalak, kanpaina abiatu zuen pasa den urteko azaro amaieran. Ez du hondakinik nahi lurrean, edukiontziak daudelako dagokion hondakin bakoitza jasotzeko, baita zerbitzua ere, doakoa, eta herritarrei erraztasun guztiak eskaintzen dizkiona, tamaina handiko hondakinak jasotzeko; saiakerak askotarikoak izan arren, antzuak dira gutxi batzuen kasuan, hondakinak behin eta berriz uzten dituztelako lurrean, jarri behar diren lekuan utzi ordez. Kanpainaren barruan, isunak iragarri zituen udalak. Hondakinak lurrean uzten harrapatzen dituztenak zigortzen jarraituko du udalak, eta ez dira nolanahikoak zigor horiek, gainera: Hondakinen ordenantza urratzen dutenei 750eta 3.000 euro arteko isunak jarriko dizkie. Arau hauste arinek 750 euro arteko isunak eragin ditzakete, eta astunek, 1.5000 euro artekoak. Oso astunek berriz, 3.000 euro arteko isuna jaso dezakete.
Tristea dirudi, baina batzuetan zigorra da ulertzen den mezu bakarra, poltsikoari eragiten badio, batez ere. Eta tristea bada ere, batzuentzako hori ere ez da nahikoa, berdin jarraitzen dutelako hondakinak nahieran partekatzen gainontzeko herrikideekin. Ez dira desagertu hondakinak lur gainetik. Iztieta pasealekuko edukiontzien parean hesia dago kartel hori handiz jantzia, bertan ematen du udalak arau hausteak duen zigorraren berri eta eskatzen du arduraz jokatzeko, baina berdin zaie antza, bertan, egur, altzari, konketa eta bestelakoak uzten dituztenei.
Aiako Harria kaleko edukiontzietan ere errepikatzen da irudi hori, edota Larzabal auzoan. Kasu horietan, agian agerikoagoa da, baina herriko beste puntutan aurki daitezke, aldian behin bada ere, edukiontzi guneen inguruan aulkiak nor eseriko zain baleude bezala, kartoizko kutxa handiak, hondakinen poltsak beren edukiontzietatik kanpo.
Bitarteko guztiak eskura izanik, araudia behin eta berriz urratzen duena birbideratzeko aukera handirik ez dagoela badirudi ere, hondakinak arduraz bereizten, dagokien lekuan uzten, ingurunearekin, auzo eta kaleekin, herrikideekin errespetuz jokatzen jarraitzea da gakoa… eta aldian behin, gaizki ari direnak, herritar gehiengo handiaren ardura, konpromisoa eta errespetua zapaltzen dutenak, lotsagorritzea, beraien utzikeria eta erosotasuna, gainontzeko herritarrentzat eraso dela sentiaraztea.