Hitzekin jositako elkartasuna
Tabernetan postalak eta postontziak jarri ditu gazte asanbladak, herritarrek euskal presoei idatz diezaieten.
Sare sozialen aroan, ez dira asko izango oraindik ere gutunak idazten dituztenak. Ariketa hori proposatu du Oreretako Gazte Asanbladak; paper zuriaren aurrean jarri eta hitzekin betetzea, egunerokoa kontatzea, herrian aldatu diren gauzen gaineko kontaketa egitea… bakoitzak nahi duena bildu dezake orrialde txuri horretara, denak balio du. Hartzaileak, euskal presoak. Iniziatibaren helburua hori baita, herriko presoei gutunak bidaltzea, haiekin partekatzea Errenteria-Oreretaren egunerokoa.
Horretarako postontziak jarri dituzte herriko tabernetan, baita postalak ere, eta herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera eta presoei idaztera: “Ziur idatzitakoak jasotzerakoan, izugarri poztuko direla”.