'La promesa', heriotza duinaren aldeko dokumentala, Trintxerpen
Maribel Tellaetxeren bizitzako azken etapari buruzko dokumentala eskainiko dute ostiralean, 18:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzako areto nagusian.
FEC -Herritarren Europaren aldeko Fundazioa- Euskadik La Promesa dokumentala aurkeztuko du ostiralean (hilak 15) 18:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzako areto nagusian. Heriotza duinerako eskubidearen lerrotik, Maribel Tellaetxeren gaixotasunaren prozesua eta bere bizitzaren amaierarako borondatea jasotzen du film laburrak.
Emanaldiaren ondoren, Txema Lorente senarrak, Iñaki Olaizolak, antropologoa eta Derecho a Morir Dignamente elkarteko kideak, eta Arantza Gonzalezek, Ekarrekin Gipuzkoako batzarkideak, eztabaida batean parte hartuko dute.
La Promesak bizitza eskubide bat dela defendatzen du, ez betebehar bat; Tellaetxeren bizitzaren azken etaparen egunerokoa erakusten du, alzheimerrak jota senarraren eta seme-alaben zaintzapean egon zenekoa. Dokumentalak sari ugari lortu ditu Estatuko eta nazioarteko jaialdietan.
Dokumentalaren proiekzioak eta ondorengo eztabaidak leku mugatua izango dute, beraz, bertaratu nahi dutenek aurrez mezu bat bidali beharko dute e-posta bidez. Informazio gehiago eskura daiteke 622 10 40 72 telefono zenbakian -Juan Luis Merino-.