Ile apaintzaileak, BEZ-a jaisteko borrokan
Lau urte beteko ditu uztailean Iztietako lokalean ilea mozten Ana Manisek, baina 42 urte daramatza lanbidean. Kartelak ditu itsatsita ile apaindegiaren sarreran zein alboko erakusleihoetan.
Ez da berria BEZa jaisteko ile apaintzaileen eskaera, pandemiarekin ordea, beharrezkoagoa bilakatu da, are gehiago oinarrizko zerbitzua dela erabaki dutenetik.
Iztieta auzoko Oiartzun kalean kokatuta dago Anabel ile apaindegia. Lau urte beteko ditu uztailean Iztietako lokalean ilea mozten Ana Manisek, baina 42 urte daramatza lanbidean.
Kartelak ditu itsatsita ile apaindegiaren sarreran zein alboko erakusleihoetan; Ile apaindegiak borroka, edo gurea berreskuratu nahi dugu: BEZa %10ean irakur daiteke horietan.
COVID-19aren osasun larrialdian, oinarrizko zerbitzutzat jo zituztela nabarmendu du Manisek, baina %21eko BEZa ezarrita, “oinarrizkoak bagara jaitsi beza gutxienez %10era —kexu da ile apaintzailea— baina ez zuten onartu eta ile apaintzaile plataformek konfinamenduan lanik ez egitea erabaki genuen protesta gisa”.
Ordutik BEZa jaisteko presioa egiten saiatzen ari direla azaldu du, “2007az geroztik ari gara borroka horretan, eta ez dago modurik”.
Pandemia izaten ari den eraginaren gainean galdetuta, ile apaindegia berriro zabaldu ahal izateko inbertsio handia egin behar izan duela nabarmendu du, “maiatzaren 4an zabaldu genituen berriro ile apaindegiak eta diru mordoa utzi behar izan dut, ez zaudelako prestatuta egoera honi aurre egiteko behar diren bitartekoekin”.
Hasieran, segurtasun falta handia sentitu zuela esan du, eta beldurra aipatu du, beldur handia, “arrisku handia dugu gure lanbidean ezinezkoa dugulako metro eta erdiko distantzia hori bermatu inolaz ere, ezinezkoa da Hainbat lan kendu dizkigute ezin ditugunak egin eta beldurrez egite dituzu depilazio fazialak; estetizistak gu baino okerrago pasatzen ariko direla pentsatzen dut, bezeroarengandik oso-oso gertu egin behar dutelako lan”.
Beldurra soinetik ezin astindu dagoela dio, oraindik ere, dena sakonean desinfektatzen badu ere “ez delako bakarrik zu kutsatzea, etxera eramaten duzulako, ile apaindegian ere gerta daiteke; ardura handia da azkenean. Hamaika aldiz sakonean garbituta ere, birusaren hedapenaren beldurra hor dago”.
Okerren daraman aldea hori dela aitortu du, garbiketa sakon hori egitea eta hala ere kezka izatea, “dena higienizatu behar duzu, aparatuetan sartu sakon garbitzeko, ardura handia da”.
Pertsona batzuen jarreraz ere kexu azaldu da. Ez da ohiko jarrera, baina adin handiko emakume batzuekin gertatu omen zaio maskara kendu nahi izatea ile apaindegian, “`konfiantza dugu emakumea, zer gertatuko zaigu hemen’ esaten didate. Azaldu behar diet, maskarak gure parte direla, ezin dutela kendu, hemen pasa daiteke, tabernan, okindegian edo beste lekuetan bezala… garrantzitsua da osasun eta segurtasun neurriak betetzea, COVID-19arekin bizi behar dugulako, ez dago besterik”.
Asteazkenean, hilak 20, elkarretaratzea egingo dute ile apaintzaileek Donostiako Bulebarreko kioskoaren bueltan 12:00etan.
BEZa murrizteko eskatuko dute bertan ere, gutxienez, %10era.