Pasaia, eremu gorritik oso hurbil
Asteburuan 26 positibo gehiago atzeman direlako Pasaiako tasa 484an jarri da. Lezon eta Errenterian apal, baina behera egin du tasak.
100.000 biztanleko 484ko tasa metatuarekin, COVID-19aren gorengo arriskuko egoeran sartzear da Pasaia. 500eko tasan dago ezarria muga hori. Asteburuan koronabirusagatik 26 positibo gehiago (hamabost ostiralean, zazpi larunbatean eta lau igandean) atzeman dituzte udalerri horretan, eta horrek ekarri du tasak nabarmen gora egitea. Pasaia eremu gorrian sartuz gero, besteak beste, herritarrek ezingo lukete bertatik atera edo kanpokoek sartu (lanerako edo justifikazioa duten gaiengatik ez bada), eta ostalaritza establezimenduek ateak itxi beharko lituzkete. Ikusi beharko da datozen egunetan zein bilakaera duten datuek.
Errenteria-Oreretan, berriz, bost kutsatu gehiago jaso ziren ostiralean, hiru larunbatean eta lau igandean. Oiartzunen, bat ostiralean eta bina larunbat nahiz igandean. Lezon bi bakarrik, kasu bana larunbat eta igandean. Datu horiekin, tasak pixka bat apaldu dira Lezon eta Errenteria-Oreretan, eta hazi Oiartzunen.
Gauzak horrela, jarraian, herrietako tasa eguneratuak:
- Pasaia: 484,39 (ostegunean 364,79).
- Errenteria-Orereta: 328,55 (ostegunean 358,42).
- Lezo: 164,47 (ostegunean 180,92).
- Oiartzun: 154,31 (ostegunean 125,37).
- Gipuzkoa: 376,98 (ostegunean 345,20).
Osasun Sailak datu horiek eta beste asko eman ditu gaur, txosten bidez. Hemen sakatu eta hori jaisteko aukera dago (PDF artxiboa da).